Euskal Herrian erregistratzen den patente kopurua ez dago gure enpresen I+G maila handiaren pare
Euskal Herria oso ondo kokatuta dago Europan berrikuntza mailari dagokionez, baina bitxia bada ere, gabezia handiak ditu patenteen erregistroan. Horren erakusle, gurean 159 patente erregistratu ziren guztira 2010ean, milioi bat biztanleko 51,4 patente. Bada, denbora tarte berean, Europar Batasunean, batez beste, 111 patente erregistratu ziren milioi bat biztanleko.
Gipuzkoa (83 patente milioi bat biztanleko) eta Nafarroa Garaia (67,5) Euskal Herriko batez bestekotik gora badaude ere, gure herrialde guztiak nabarmen beherago daude, Alemania, Suitza eta Eskandinaviako lurralde gehienekin alderatuta. Zer esanik ez, punta-puntan dagoen Alemaniako Baden-Württemberg eskualdearekin alderatzen badugu: milioi bat biztanleko 286,6 patente erregistratu ziren bertan urte berean.
Sektore bakar batean ere ez da nagusitzen Euskal Herria Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik. Esaterako, mekanika ingeniaritzaren alorrean erregistratzen da gurean patente gehien: 13,3 patente milioi bat biztanleko. Alor horretan ere, Europako batez bestekoa 1,6 puntu gorago dago.
Patenteak oso elementu traktorea dira ekonomia baten mugimendua eta aldaketa sustatzeko; tresna garrantzitsua, herri batek produktu propioak garatu ahal izateko eta besteek sortutakoaren menpe ibili behar ez izateko. Horrenbestez, ezinbestekoa da Euskal Herrian alor horren alde apustu egitea hurrengo urteotan.
Gai hori izan zuen hizpide Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, astearteko Azpimarra saioan. Esnaolarekin batera, Ismael Igartua Galbaian enpresako zuzendariak eta europar patenteen agente kualifikatuak hartu zuen parte programan.
Laster: Gaindegiaren txostena patenteen inguruan
Ikus bideoa: