Skip to main content

Euskal Herriko industriaguneen kokapena, klik batean

Euskal Herriko industriaguneen datu espazialak, guztion eskura

industriaguneakGaindegiak Euskal Herriko industriaguneen datu espazialen geruza landu du, eta ww.euskalgeo.net webgunean ipini du kontsultarako.

Gaurtik aurrera industriaguneen kokapen zehatza jakin daiteke, lehen aldiz Euskal Herri osorako. Industriaguneen kokapena ezagutzea bereziki garrantzitsua da Euskal Herriko ehun industrialaren banaketa aztertzeko eta baita merkatu azterketak bideratzeko ere. Era berean, datu espazial berri hauei esker, udalerri bakoitzeko industria lurren banaketa kontsultatu ahalko da, eta horien azalera jakin. Baliabide berri hau, baita aurten euskalgeo.net webgunean modu irekian jarri diren beste geruza asko ere, erreminta garrantzitsua da, batik bat, Euskal Herriaren gaineko azterketak burutzen dituzten ikerlari zein profesionalentzat.

Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, EHko datu espazialak doan eta irekian eskaintzeko sortu zuen aurten euskalgeo.net ataria, eta, ordutik, katalogoa zabaltzen joan da etengabe. Plataforma horretaz gain, datuak.net ataria ere sortu du (gizarte eta ekonomiari buruzko datu-fitxategiak eskuratzeko ataria) eta Euskal Herriko atlas sozioekonomikoa berritu, atlasa.net helbidean (datu sozioekonomikoak mapa gainean bistaratzeko gunea).

 

Audioa:  Euskal Herriko industrialdeak mapa batean kokatuko bagenitu zer ikusiko genuke? (Info7 irratia)