Itsasoa, arrantza eta elikadura (4/4): Bizkaiko Golkoa, euskal herritarren arrain kontsumoa asetzeko gai

COVID-19aren ondoko osasun larrialdian zehar elikagaiak garestitzen joan dira. Norabide horretan, arrainaren prezioek ere gorakada nabarmena jasan dute 2020ko apirilean. Aipatu gorakada halere, Euskal Herriko saltokietan islatu den arren, ez da iritsi enkantean arrantzaleek eskuratutako salneurrietara. Antxoaren prezioa, esaterako, enkantetik saltokietarainoko bidean bikoiztu – eta kasu batzuetan boskoiztu ere- egin da. Errealitate hori ez da baina osasun larrialdira mugatzen. Izan ere, azken lau urteotan arrainaren prezioak behi haragiak baino gehiago egin du gora saltokietan. Arrain izoztuari so eginez gero, prezio igoera arrain freskoarena baino zertxobait handiagoa izan da aurreko urtean.

Herritarren elikaduran arrain kontsumoa beherantz doa

Euskal herritarren elikadura ohiturak aldatzen ari dira. 2019 urtean, batez beste 25,6 kilo arrain edo itsaski kontsumitu ditu biztanle bakoitzak. 2008an kopuru hori 33 kilokoa izan zen. Arrain eta itsaskien kontserbetan ez dago kontsumoaren jaitsierarik, baina arrain freskoetan bai. Izoztutako arrainaren eta beste itsaskien kontsumoa ere gutxitzen ari da. Dena den, arrain freskoek itsasoko elikagaien erdia osatzen badute ere, Bizkaiko Golkoan baxurako arrantzan lehorreratutako espezie moten kontsumoak gero eta presentzia txikiagoa du Euskal Herriko elikaduran.

Alde horretatik, legatza da euskal herritarrek gehien jaten duten arrain mota, jandako arrain guztiaren laurdena izateraino. Iaz bakarrik 11.000 bat tona legatz kontsumitu dira Euskal Herrian. Honen atzetik, atuna (8.300 tona), bakailaoa (4.400 tona), sardina (5.000 tona), antxoa (3.900 tona), izokina (3.750 tona), lupia edo mihi-arraina dira Euskal Herriko elikaduran presentzia handieneko beste arrainak (2019). Kontsumoari dagokionez espezie mota gehienetan arrain freskoa gailentzen bada ere, atunaren kasuan, jandakoaren %70a kontserbakoa da. Itsaskien kontsumoa ere garrantzitsua da (17.200 tona), bereziki otarrainxka (5.000 tona), txipiroia (4.500 tona) eta muskuiluaren (3.200 tona) kasuan.

Euskal Herriko balizko itsas eremua

Capbretongo hobiarekiko gertutasunagatik itsaso emankorra du Euskal Herriak. Hala, Bizkaiko Golkoak euskal herritarrak ezezik Euskal Herritik kanpoko beste herritar askoren elikadura beharrak asetzen ditu. Halaz ere, nekez kuantifikatu daiteke zehaztasunez Euskal Herria burujabea izatekotan honi legozkiokeen berrehun itsas milien eremuan egun arrantzatzen dena zenbatera iritsiko litzatekeen. Izan ere, itsas eremu guztiek ez dute biomasa aberastasun berdina, Bizkaiko Golkoan ere ez. Zentzu horretan, Euskal Herriari legokiokeen itsas eremurako ezin da arrantzatutakoa proportzionalki kalkulatu. Bruselan ordezkaritza propioa izango luke Euskal Herriak, baina Bizkaiko Golkoan Guztizko Harrapaketa Onargarria (TAC) Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Batzordearen (IINB-ICES) irizpideen arabera zehazten jarraituko litzateke.

Bizkaiko Golkoak euskal herritarren elikadura hornitzeko aski gaitasun du

Aipatutako faktoreak kontutan hartuta, Bizkaiko Golko osoa euskal herritarren elikagai kontsumoa asetzeko eremu naturala dela ulertuz gero, egun baxuran zein alturan arrantzatutakoa aski da Euskal Herriko arrain kontsumotik eratorritako beharrak asetzeko. Euskal herritarrek 76.000 tona itsas-produktu kontsumitu zituzten iaz, eta 301.200 tona arrantzatu ziren Bizkaiko Golkoan. Donostiatik Galiziako Fisterrarainoko kosta hartzen duen itsas eremuan bakarrik 152.000 tona arrantzatu ziren urte berean (27.8.c). Alderaketa honetan, ordea, bi elementu hartu behar dira kontuan. Batetik, bizirik arrantzatutako tonak ez direla bere horretan iristen merkatuko salerosketara, espezieen arabera zehaztu gabeko proportzio txiki bat galdu egiten baita. Bestetik, euskal herritarrek urrunean arrantzatutako espezieen ordez gertuago diren beste batzuk jan beharko lituzketela.

Urruneko itsasoetako produktuak ugariak dira Euskal Herriko saltokietan, eta 2019 urtean, Hego Euskal Herrira Amerikatik itsasoko produktuetan 26.340 tona iritsi ziren: besteak beste, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko datuen arabera prozesutako 5.700 tona arrain iritsi ziren AEBetik, 990 tona krustazeo Ekuadorretik eta arrain lehor zein gazitu kopuru esanguratsua Groenlandiatik (900 tona) eta Kanadatik (560 tona). Horrek ez du esan nahi inportazio guzti horiek Hego Euskal Herrian kontsumitu direnik, baina saltokietan presentzia nabarmena dute. Euskal arrantzak produktu horiekin edo akuikulturako prezioekin lehiatu beharra dauka.

Kontsumo handieneko espezieen arrantzak Euskal Herriko kontsumo beharrak asetu ditzake, baina badira salbuespenak

Bizkaiko Golkoan arrantzatutakoa eta Euskal Herrian kontsumituriko arrantza produktuak espezie nagusien arabera behatuz gero, Bizkaiko Golkoaren hornidura gaitasuna handia da hainbat espezietan. Hala gertatzen da berdelaren kontsumoarekin, baita sardina, antxoa, legatza, lupia eta atunarekin ere. Halere, Bizkaiko Golkoan arrantzatutakoa ez da aski Euskal Herriko zapoaren kontsumoa asetzeko, ezta txipiroiena edo urraburuena asetzeko ere. Besteak beste, horregatik, euskal ontziak alturako arrantzan urrun abiatzen dira.