Skip to main content

[ETB1] Azpimarra saioan, hirietako pobreziari buruz

Ongizate sinbolo izatetik gabezia egoerak metatzera igaro dira metropoliak

mapa

Gaur egun, munduko biztanleriaren %53a hirietan bizi da, eta aurreikuspenek diote zifra hori %80ra iritsiko dela urte gutxiren buruan. Euskal Herrian, ia bi milioi lagun bizi dira hiriburuetan edo horien eraginpeko eskualdeetan; populazioaren %61,1a da hori. Hiriak ongizate sinbolo izan dira orain gutxi arte, baina datu berrienek adierazten dute, orain, hirietan daudela aberastasun diferentzia handienak, bai eta gabezia egoerarik larrienak ere.

Pasa den urriaren 17a Pobreziaren Aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta data horren bueltan, Euskal Herriko askotariko erakundeek eman dituzte gaiaren inguruko datuak, gurean ere pobrezia hirietan metatzen ari dela erakutsiz. Eusko Jaurlaritzak urtero argitaratzen duen Behar Sozialei Buruzko Inkestak dioena oso argigarria da zentzu horretan: gizarte bazterketa egoeran dauden EAEko familien %52,7a bizi da 100.000 biztanletik gorako udalerrietan.

Pobrezia neurtzeko askotariko adierazleak daude, eta langabezia da horietako bat. Euskal Herrian langabeziak duen inpaktuari begiratuz gero, argi ikusten da hiriburuen inguruko portzentajeak Euskal Herriko batez bestekotik gora daudela.

Bereziki azpimarratzekoa da Bilbo Handia eta Bizkaiaren artean dagoen alde handia, bai eta Baiona eta Ipar Euskal Herriaren artekoa ere. Iruñerria salbuespentzat jo daiteke alor honetan, Nafarroa Garaiko zerbitzuen kontzentrazio politikak direla medio, langabeziaren inpaktua handiagoa baita, esaterako, Tuteraldean.

grafikoa

Prestazioak

Gizarte behar larriak dituzten pertsonek administraziotik jasotzen dituzten prestazioak ere izan daitezke pobreziaren isla, eta hor are nabarmenagoa da hirien eta herrien arteko aldea. Euskal Herriko bost metropoli nagusietan mila biztanleko jasotzen den prestazio kopurua dagokion herrialdeko batez bestekotik gora dago.Kasu honetan ere, bereziki larria da egoera Bilbo Handian eta Baionan. Bilbon eta Ezkerraldean mila biztanleko jasotzen den prestazio kopurua (RGIa, kasu honetan) Bizkaiko batez bestekoa baino 8,5 puntu handiagoa da. Baionan, bestalde, mila biztanleko 50 lagunek jasotzen dute RSA izeneko prestazioa. Hiriburun, esaterako, mila biztanleko 14 lagunek baino ez dute jasotzen prestazio hori.

Jarduera ekonomikoak eta bereziki industrialak dakar ongizate gehien, eta beraz, lurraldean jarduerak eta biztanleria barreiatzen dituzten hiri eta erregio ereduak behar ditugu Euskal Herrian. Kontzentrazio eremuak gainditu eta distribuzio handiagoko mapa baterantz jo beharko genuke. Bestela, etorkizunean desoreka sozialak eta lurralde desorekak areagotu egingo dira, harik eta lurraldearen bideragarritasuna auzitan jarri arte.

Hain zuzen ere, hirietako pobrezia izan du hizpide Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, aste honetako Azpimarra saioan, ETB1en. Ana Sofia Telletxea Caritas Bizkaia erakundeko kideak ere hartu du parte programan.

 

Bideoa (42.45etik aurrera)