Skip to main content

[ETB1] Azpimarra saioan, industriaren garrantziari buruz

Bertan sortutako industria duten eskualdeak dira ongizate maila handiena dutenak

Lurralde arteko desorekak EAEn krisi ekonomikoaren testuinguruan izeneko txosten bat argitaratu berri du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak. Eskualde baten industria mailak bertako aberastasunean eta ongizatean jokatzen duen rol garrantzitsua geratzen da hor agerian: industria Balio Erantsi Gordinaren pisua eta industriako enpleguaren pisua dira eskualdeen arteko desberdintasun handienak dakartzaten adierazleetako bi.

Industrialdeak eta errepideak mapaHori horrela, ez da harritzekoa Debagoienak, Tolosaldeak eta Kantauri Arabarrak izatea ongizate maila onenetakoa, betiere txosten horren arabera. Izan ere, oso eskualde industrializatuak dira, oro har batez bestekoa baino gehiago bideratuak berrikuntzara eta nazioartekotzera.

Industriak eskualde baten garapenerako duen garrantzia oso agerikoa da. Esaterako, Gorbeia Inguruak, Debagoiena eta Goierri dira Euskal Herrian biztanleko errenta erabilgarri handiena duten eskualdeetako hiru. Hain zuzen ere, eskualdeotan sortzen diren lanpostuen %46 eta %67 artean dira industriaren sektorekoak, eta manufakturak haien Barne Produktu Gordinean duen pisua %42 eta %46 artekoa da. Ez gara edozer industriaz ari: oro har metalgintzari lotutako eta eskualdean bertan sortu eta garatutako establezimenduak dira aberastasuna dakartenak.

Gaindegiak Euskal Herriko industrialdeen geruza plazaratu berri du Euskalgeo atarian, eta mapa horri begira ere argi ikus daiteke industriaren garrantzia zenbaterainokoa den gure herriaren garapenean. Hala ere, kontzentrazio eta hutsune handiak antzematen dira: bereziki hiriburuen bueltan metatzen dira industrialdeak, eta Bizkaia eta Gipuzkoan lurralde hedapen handiagoa badute ere, Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian desoreka handiak ageri dira. Bereziki deigarria da Nafarroa Garaiaren kasua: Iruñeak metatzen du nabarmen industrialde gehien, eta atzetik datoz Tuteraldea eta Sakana. Baina gainerakoan, eta herrialdearen ipar-ekialdean bereziki, industriaren pisua oso eskasa da.

Gainera, industrialdeen eta errepide nagusien sareak bat egiten dute erabat. Horrek esan nahi du, industria garapenik ez izateaz gain, aipaturiko eskualdeok azpiegitura eskasia handia dutela eta isolatuta daudela. Hori horrela, ez da harritzekoa Zuberoako eskualdeek, Nafarroa Garaiko Pirinioetakoek eta Estellerriak izatea Euskal Herriko zahartze tasarik handienetakoak: gazteak badoaz eskualdeotatik, lan aukera hobeagoen bila.

Industriaren garrantzia izan du hizpide Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak aste honetako Azpimarra saioan, ETB1en. Gaiari buruz hitz egiteko, ondoan izan ditu Ainara Basurko Azaro Fundazioko lehendakaria eta Jon Abril Berako alkateordea.

Audioa:  Euskal Herriko industrialdeak mapa batean kokatuko bagenitu zer ikusiko genuke? (Info7 irratia)

Bideoa (29 minututik aurrera):