Skip to main content

Cristina Berechet: Produkzio-egituraren dibertsifikazioa Nafarroan eta espezializazio adimenduneko estrategiak

Cristina Berechet

Ekonomialaria, Think Tank Civismo erakundeko ikerketa-burua

Europako Batzordearen esanetan, espezializazio adimendunaren helburua da eskualdeek berrikuntzarako duten gaitasuna indartzea eta, lehiarako zer jardun-eremu abantailatsu dituzten identifikatu ondoren, haietan biltzea beren giza baliabideak eta finantza-baliabideak. Azken hamarkadatan, Europako eta Espainiako eskualde ugarik abiarazi dituzte dibertsifikazio eta berrikuntzako estrategiak, bai eta espezializazio adimendunekoak ere, eta horietako askok Europako Batzordeak hazkunderako estrategia-mota horiek sustatzeari ekin baino lehenagotik ekin diote bide horri.

Nafarroan, 1984an ekin zion Foru Diputazioak produkzio-egitura dibertsifikatzeari, Nafarroan Industria Sustatzeko Planaren bidez. Nekazaritzan oinarritutako ekonomia izatetik teknologia aurreratuko industria-eremua izatera arteko bidea egin du geroztik foru-komunitateak.

Irakurri Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikerketa gaiaren inguruan Mikel Navarro irakaslearen eskutik hemen.

Enpresen eta administrazioaren arteko harreman estuek bultzatuta eta gobernuak baliabide eta eskumen propioak zituela baliatuz, energia berriztagarriak garatu ziren Nafarroan aurreko mendearen 90eko hamarkadan, metal-mekanikako sektoreak eta autoen sektoreak behar zuten energia elektronikoaren eskariari erantzuteko (“demand pull innovation”). Nafarroako Gobernuak energia eolikoaren aldeko apustua egin zuen mendetasun energetikoa murrizteko. 1989an, EHN enpresa sortu zen, eta, handik lasterrera, aerosorgailuak ekoizteari ekin zion Gamesa Eólica enpresak. 1995. eta 2000. urteen bitartean, energia berriztagarrien, eta, bereziki, energia eolikoaren loraldia izan zen Nafarroan, Nafarroako 1995-2000 Energia Planaren bultzadaz.

Aurreko mendeko 90eko hamarkadaren hasieran, industria-garapeneko garai baten ondoren, ikerketa sustatzeko politika publiko bati ekin zitzaion Nafarroan. Ikerketako lehen Eskualde Plana onartu zen 1990. urtean, eta haren jarduera-eremu nagusiak osasuna, nekazaritza eta giza baliabideak izan ziren, produktibitatearen hobekuntzarekin batera.

Foru-administrazioak, 2000. urtetik aurrera, berrikuntza bultzatzeari ekin zion, plan teknologikoen bidez. Ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak ahalik eta enpresa gehienetara zabaltzea izan zen lehen planaren helburuetako bat (2000-2003), azpiegitura teknologikoaren oinarriak ezartzearekin batera. Ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak finkatzea eta lankidetza sustatzea zen bigarren planaren xedea (2004-2007). Lau jarduera-eremutan antolatzen zen plana: berrikuntza eta jakintza, informazioaren gizartea (IKTak eta mikro eta nano osagaiak) garapen iraunkorra (energia garbiak, energia-eraginkortasuna) eta bizi-kalitatea (farmaziako eta nekazaritzako elikagaien teknologiak). Ikus daitekeen moduan, Ikerketako Eskualde Planak aurreko hamarkadan adierazi zituen arloen antzekotasun handia dute.

Bionavarra izeneko estrategia izan zen II Plan Teknologikoaren baitan abiarazitako espezializazio-estrategietako bat. Bere jardun-xedea zen Nafarroa “bioerregio” bat izatea, biziaren zientzien garapenean nabarmenduko dena, eta, ikerketaren bidez, sektore bioteknologiko propio bat sortzea, egungo enpresa-sarearen lehiakortasuna handitzeko. Hauek dira nazioartean lehiakor izateko aukera handienak iradoki dituzten jarduera-ildoak: biomasa eta bioerregaietarako mikroorganismoak eta entzimak eta laborantza energetikoen hobekuntza.

Hirugarren Plan Teknologikoa prestatu zen (2008-2011), ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak maiztu eta sakondu zitzaten jardun-eremu horietan trebatutako eragileek, eta helburu hori lortzeko bidea eragileen artean I+G+b alorreko lankidetza handiagoa sustatzea izan da, bai eskualdean, bai nazioan, bai nazioartean. Hirugarren planean, hauek izan dira Nafarroarentzat interes estrategikoa berezia duten jarduera ekonomikoak: bioteknologia, informazioaren teknologiak, nanoteknologia, enpresetarako zerbitzuak eta prestakuntza espezializatua. Jarduera horiek eragin horizontala dute sektore estrategiko hauetan: automozioa, makineria, energia berriztagarriak, biziaren zientziak, nekazaritzako industria, garraioak eta logistika.

Hain justu, une edo puntu horretan jabetu da Nafarroako Foru Komunitatea, argi eta garbi, espezializazio adimenduneko estrategien abantailez: nekez izango da Nafarroa puntako erregioa, nazioartean, bioteknologiaren edo nanoteknologiaren jardun-eremuetan; aitzitik, teknologia horiek Nafarroan helduta dauden sektoreetan edo Nafarroarentzat estrategikoak diren sektoreetan erabiltzen badira, sinergiak sortuko dira enpresa-sarea osatzen duten sektoreen artean, eta horrek lehiarako abantailak sorraraziko ditu.

Eskualde-estrategia berri baten oinarriak ezarri ditu Moderna Planak (Eskualde Plan Estrategikoa). Navarra Planak, berriz, hiru ardatz estrategiko handi ezarri ditu: osasunaren ekonomia, ekonomia berdea eta talentuaren ekonomia. Mediku-ekipamenduak, osasun-zerbitzuak eta biomedikuntza dira osasunaren ekonomiaren jardun-eremuak. Ekonomia berdeak, berriz, nekazaritzako elikagaien industriak, energia berriztagarriak, eraikuntza eta turismo iraunkorrak eta ingurumena eta hondakinak lantzen ditu. Azkenik, mekatronika, hezkuntza eta enpresa-zerbitzuak dira, besteak beste, talentuaren ekonomiaren jardun-alorrak.

Horrenbestez, Nafarroak sektore estrategikoen inguruan ekin dio dibertsifikazio-lanari, urte luzetan lehiaren aldetik abantailatsuak izan dituen sektoreengan eraginez, hala nola, osasunaren ekonomia eta farmazia-industriaren, energia berriztagarrien, automozioaren eta nekazaritzako elikagaien sektoreengan. Nafarroako gobernuak lan handia egin du energia berriztagarrien teknologien garapena bultzatzeko, baina ezinezkoa izango zen sektore horrek horrelako aurrerapen ikusgarria ematea, baldin eta ez balitz enpresaren eta administrazioaren arteko elkarlan estu bat izan. Horrek erakusten du funtsezkoa dela plan estrategikoak enpresa-sarearen laguntzarekin gauzatzea, eta, nola ez, sare horrek parte-hartze handiagoa izatea estrategiak prestatzeko garaian.

Hala ere, Moderna Planaren helburuak erdiesteko, Nafarroan estrategikoak eta/edo tradizionalak diren sektoreak eraldatu behar dira, IKTak eta bio edo nano teknologiak erabiliz. Horrez gain, urrats bat gehiago ere eman dezake, erabilera generikoa duten teknologietan berrikuntzak eginez, finkatuak baititu lan hori egiteko behar den laguntza teknologikoaren oinarriak.