Skip to main content

Euskal Herriaren etorkizunaren aurrean kezkak eta proposamenak

Gaindegia jardunaldietan [Eusko Ikaskuntzaren Nazioak eta Estatuak XXI mendean: Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea jardunaldien baitan Gaindegiak izan zuen parte hartzearen laburpena da hau. Andoni Eizagirre irakasleak bi galderei erantzuteko ariketa jarri zien mahai-kideei, hona hemen bigarrena]

Euskal Herriaren etorkizunaren aurrean kezkak eta proposamenak

Nola imajinatzen dugu Euskal Herriaren etorkizuna eta bere eredu sozial zein ekonomikoa geronek erabakitzeko eskubidea izanda? Erantzuna eman aurretik gure kezkak zehaztu beharrean gara:

• KEZKA I: Gure lurralde eredua ahaztu egin ohi dugu eta beraz, erabaki beharrekoen agenda aldatuta datorkigu, manipulatuta. Alegia, gure agenda gure errealitate osoa aintzat hartu gabe zehaztu ohi dugu, partikularretik denontzat.

• KEZKA II: Eredu sozio-ekonomikoaz mintzatzen gara, gure oraingo lankidetza agendaz kezkatu gabe. Hau da, posible al da eredu bat adostea, aurretik bizikidetzarik gabe? Nola erabakiko dugu elkarrekin bizitzea elkarrekin sufritzen eta elkarrekin lan egiten ez badugu?

• KEZKA III: Lurraldeetako agenda desberdinen arteko konbergentzia eta dibergentziak aztertu gabe ditugu. Gauza guztietan ez gaitezke bat etorri euskal lurraldeak eta bertako sektoreak. Horren azterketa egin beharra dago, eta lurraldetasunari dagokionez, konbergentzian jarri indar guztia.

• KEZKA IV: Agenda nazionala eta lokala ez dira berdinak. Ez ditzagun baten helburuak besterako erabili.

• KEZKA V: Gehiegi gustatzen zaigu kanpoko ereduetara begiratu eta gure burua parekatzea, edo erreferentziak gorestea geu non gauden edo gure baitan dauden lurralde errealitate desberdinak aztertu gabe. Ez du balio Herbehereekin asimilazio ariketa mekanikoak egitea, han lurralde egitura polinuklearra aplikatu dute, eta geuk? Ez du balio Austriari begira jartzea, han Tirol izeneko mendialdea sustatu dute eta guk Euskal Pirinioak ahaztu.

Erantzun diezaiogun, ordea, galderari. Nola imaginatzen dugu Euskal Herriaren etorkizuna lurraldetasunari dagokionez ekonomian eta gizartean?

• Elkarrekin lan egin eta elkarrekin soluzioak aurkitzeari lehentasuna ematen dion etorkizuna imagintzen dut. Elkarrekin bizi ez bagara nekez osatuko dugu bihar Herri burujabe baten aldeko gehiengoa.

• Euskal lurraldetasunari dagokionez, eragile ekonomiko sozial eta politikoak sentibera eta ezagumenduz jantziak imajinatzen ditut.

• Lankidetzarako prestutasuna duten eragileak erabakiak hartzen imajinatzen ditut.

• Lurraldeen arteko mugikortasun arazoak ezabatzen dituen agenda batekin imajinatzen dut.

• Eragile ekonomiko eta sozialen artean, nork bere eremuan, lankidetza egitasmoak adostuz eta garatuz imajinatzen dut.

• Maila orotako instituzioen arteko hitzarmen eta asoziazioekin imajinatzen dut.  Baiona-Donostia euskal euro-hiria, Udalbiltza, Pirinioen bi aldeetako herrien eta elkargoen elkartea....

• Eta esandako guztia bezain garrantzitsua, Konbergentzia posible ez den gaietan dibergentzia onartuz imajinatzen dut. Tokian tokiko bisio eta ikuspegiak garatzea ezinbestekoa da besteekiko lankidetza emankorra gertatzeko.

Baina eman diezaiogun erantzunari ezaugarri propositiboa:

• PROPOSAMENA, I: Jarduera lurralde osora hedatzea, marginatutako eremu geografikoak biziberritzeko egitasmoak diseinatu eta aplikatzea.

• PROPOSAMENA, II: Eragile ekonomiko eta sozial bakoitzak Euskal Herri mailako lankidetza eta bizikidetzarako agenda propioak erabakitzea.

• PROPOSAMENA, III: Baiona-Donostia euskal euro-hiria garatzea, herritarren bizimoduari eragiten dioten eremu funtzionalenetan, esaterako, lana, mugikortasuna, fiskalitatea, formakuntza…

• PROPOSAMENA, IV: Hegoaldeko agentzia industriala eta Hegoaldeko merkataritza ganbara sortzea, eragile sozialen sustapenez.

• PROPOSAMENA, V: EAEko Clusterrak eta zientzia-teknologia sareko zentroetako estatutuak aldatzea Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko bazkideei berdintasunez parte hartzen uzteko.

• PROPOSAMENA, VI: Eusko Lege Biltzarrak euskal ikasleei, edonondik datozela ere, formaziorako eta mugikortasunerako diru-laguntzak modu unibertsalean emateko araudiak egokitzea.

• PROPOSAMENA, VII: Lurralde zatiketa gainditzeko irizpideak eta baliabideak finkatzea Europako Batasuneko “Peace” egitasmo baten baitan eta Europako Batasunaren zaintzapean.

• PROPOSAMENA, VIII: Euskal Herria bere osotasunean hartuko lukeen euro-eskualdea ekonomiko eta soziala sortzea, harremanetarako euskal esparru europarra.

• PROPOSAMENA. IX: Euskal finantza sistema jarduera ekonomiko eta sozialetarako finantzazio ildo bereziak eskaintzea, urrats estrategikoak eman beharrean diren lurralde eta sektoreetako proiektuentzat berariazko finantzazio funtsak sortze, lurralde osoa biziberritzeko lagungarri gerta daitezkeenak.

Labur esanda, lurraldeen arteko konbergentzia eragin dezaketen egitasmoak adostasunez erabaki eta abian jartzea proposatzen dut, neure hitzetan jarriaz askok diotena.