2015eko urtarrilaren 9an Gipuzkoako Hitzan argitaratutako artikulua
Industria maila handieneko eskualdeak omen dira bizitza mailari dagokionez adierazle onenak dituztenak, eta, ondorioz, industria maila txikienekoak gizarte desoreka handienak dituztenak. Beste era batera esaten hasita, industrializazio handieneko eskualdeetan dago larrialdi sozialeko egoera gutxien. Ondorio horretara iritsi dira, besteak beste, Gizarte eta Ekonomia Arazoetarako Kontseiluko ikerlariak, eta ondorioak Desequilibrios territoriales en la CAPV en el marco de la crisis económica izeneko txostenean jakinarazi dituzte. Aipatzekoa da txostena gaztelera hutsez eman dutela, euskaldunak gutxietsiz.
Txostenak aztergai dituen alderdiei erreparatuz (eskualde bakoitzaren industrializazio maila, lan merkatua, demografia, bizi-baldintzak...) Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeen artean Gipuzkoakoak dira ezaugarri onenak eskaintzen dituztenak, eta, horien artean, batez ere Debagoiena eta Tolosa-Goierri eremuak dira emaitza onenak dituztenak.
Aipatu azterketak, beraz, mahai gainean bi ondorio uzten ditu; batetik, industrializazio mailak duen garrantzia, eta, bestetik, eskualdeen artean dauden desorekak. Denok Euskal Herrian bizi gara, baina berebiziko eragina du gure bizilekuak (edo gure bizilekuarentzat eginda dagoen lurralde planak zein bertako eragileen ekimenak).
Gipuzkoako industriaren errealitate geografikoari begira aipatzekoa da Goierri, Debagoiena, Tolosaldea eta Urola Kosta direla jarduera industrial handienekoak eta horien artean Urola Kosta eta Goierri direla gainbehera larriena nozitu dutenak. Horrez gainera, Urola Kosta da eskualde industrialen artean langabezia hazkunde handienekoa (+%124,3) eta lanaren errentari dagokionez 2009-2011 aldian Gipuzkoan behera egin duen bakarra.
Ezin esan zein izango den eskualde horien etorkizuna, baina kontuan hartzekoa da zer nolako aldaketa nozitu duten Oarsoaldeak edo Beterrik (gogoan izan bertan metatu direla Gipuzkoako prekaritate egoera gehienak azken hiru hamarkadetan). Inoiz nagusiki industrialak izandakoak, egun, gero eta emanagoak Donostiari lotutako zerbitzuetara,(errenta apalak eta prekaritatearekin oso lotutakoak). Beraz, ezin esan orain jarduera industriala galtzen ari diren eskualdeek berreskuratuko dutenik.
Beraz, egun Gipuzkoan (eta Euskal Herrian oro har) aurrean dugun galdera etorkizuneko industrializazioaren ezaugarriekin lotuta dator. Hau da, nolako industria, zenbateko industrializazioa, non kokatua, nola sustatua.
Industria mailan, garapen teknologikoarekin batera, jarduera eta sektore berriak datoz, eta funtsezkoa izango da maila teknologiko handi edo ertain-handiko enpresen proportzio egokia izatea lurraldeko industriaren eragile izan daitezen. Horri begira jarrita, Gaindegiak urte amaieran burututako azterketa batek argazki aski esanguratsua utzi digu. Hau da, teknologia maila altuko establezimenduak %5,7 dira Gipuzkoan (%33,3 maila ertain-altukoak kontuan hartuz gero) eta Debabarrena, Debagoiena eta Donostialdean metatzen dira. Beste ikuspegi batetik begiratuz, teknologia maila baxuko empresa proportzio handiena duten eskualdeak Bidasoa Beherea, Urola Kosta, Donostialdea eta Tolosaldea dira.
Gauzak honela, badirudi gure herrialdea biharko industriaren atarira iristeko bi abiapuntu daudela, bata aurreratua eta sasoitsu agertzen dena, eta bestea garai berriei neurria hartzeko abiapuntu ahulagoa duena. Bistakoa da Donostialdeak ezaugarri geopolitiko garrantzitsuak dituela (hiriburuaren aldeko lurralde politika, Pasaiako portuaren eta mugaren erakargarritasuna. Deba arroak, aldiz, ez du halakorik, baina bai ongi organizatutako gizarte ekintzailea eta, hein handian, kooperatibista). Eta horren arabera izango da biharko gure kohesio soziala ere. Badugu, beraz, zer pentsatua nork bere eskualdean, sektore sozioekonomikoan eta instituzioan aldaketa eragiteko orain falta dena bihar gabezia izan ez dadin.