Euskal Herriak, bere kokapen geografikoagatik, munduko beste hainbat lurralderekin harreman estuak izan ditu mende luzetan. Harreman horren ezaugarrietako bat izan da salgaien ekoizpena, joan etorria eta merkaturatzea.
Mendetan errotutako euskal industriak, beraz, urrunagoko lurraldeekin eraikitako harreman komertzialak baliatu izan ditu, eta horren arabera garatu izan da gure egitura produktiboa, profesionala eta soziala ere bai. Nazioartekotzea eginkizun zaharra bezain berria da, ahalegin horretan eraginkortasunez jardutea ezinbesteko ariketa bihurtu da gure eskualdeetako ekonomia eta enpresentzat azken mendeotan.
Hurbileko ekonomien gainbeherak hainbat enpresa itxiarazi du Euskal Herrian, eta beste batzuk merkatu berrien bila jarri ditu. Hala, nazioarteko esportazioen pisua nabarmen handitu da Barne Produktu Gordinean, batez ere, 2010az geroztik: gure BPGaren heren batek du lotura esportazioekin.
Herri estrategiarik gabe ez dago nazioartekotze eraginkorrik, ordea. Enpresek nork bere lurraldean errotutako ezagumendua, finantza ahalmena, lan taldeen trebakuntza, langileen lan baldintzak… hartu behar dituzte aintzat horrelako eginkizunetan hasteko, eta hori ezinezkoa da lurralde mailako egitasmo integralak osatu gabe (formakuntza, teknologia, finantzazioa, babes instituzionala…).
Euskal Herrian, egun enpresa txiki eta ertainak nagusi dira eta txikitasun horrek bereziki zailtzen die nazioartean jardutea. Bertako enpleguaren eta aberastasunaren zati handi bat horrelako enpresek sortzen dutela kontuan hartuta, ezinbestekoa da nazioartekotzearen aldeko ahaleginean lagunduko duen inguru bat sortzea, beren geroa bermatze aldera. Hiriburuetatik kanpo dauden enpresen nazioartekotzeak ere berebiziko garrantzia izan dezake hainbat eskualderen bilakaeran.
Halaber, Euskal Herriak merkatu hispanofono eta frankofonoetan sartzeko ateak zabalik izan arren, Hegoaldeko eta Iparraldeko enpresen arteko lankidetza hasmentan besterik ez dago. Sare hori formalizatzeko premia dago. Herri gisa balio katea osatu eta, aldi berean, merkatuotan jarduteko aukerak zabaltzea lekarke.
Hegoaldeko lau herrialdeen arteko sarean ere bada zer ustiatu. Hegoaldeko enpresen artean hartu-eman handia dago, Nafarroa Garaiak Hegoaldeko gainerako herrialdeekin duen harremana indartsua da oso.
Gaindegiak Euskal Herriko esportazioei dagozkien zenbait datu bildu ditu txosten honetan. Eragileei dagokie nazioartekotzeak eskaintzen dituen aukerez jabetu eta neurri berean jardutea; besteak beste, euskal enpresak lankidetzan saretuz eta munduaren aurrean herri gisa agertuz.