Turismoa Euskal Herrian

2014 eta 2015 artean %6ko hazkundea izan zuen Euskal Herrira iritsitako bisitari kopuruak, ia bost milioi izateraino. Hirugarren urtez egin du jarraian gora zifrak, atzeraldi ekonomikoa hasi aurreko joerara hartuz. Iazko urrian Gaindegiak sektore honi buruz egindako azterketak ja aurreikusten zuen joera hori. Areago, 2015-ean Euskal Herrira iritsiko ziren turisten kopuruak errekorra egingo zuela iragarri zuen azterlanak eta bete-betean asmatu du.

Hala, turismoari lotutako jarduera profesionalek gero eta jende gehiago enplegatzen dute, eskaintza gero eta zabalagoa eta osoagoa da, eta euskal ekonomian gero eta pisu handiagoa du. Ia 15.000 enplegu zuzen eta zeharkako milaka enplegu sortzen ditu turismoak gure lurraldean, erdia baino gehiago Ipar Euskal Herrian. Bestela esanda, Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %6a eta Ipar Euskal Herrikoaren %20 inguru -iturriaren arabera- eragiten dute sektoreko honetako jarduerek. Halere, ez litzateke ahantzi behar turismoa urteko sasoi jakin bati lotuta egoteaz gain, jarduera eta lurralde eremu konkretuekin ertsiki lotuta dagoela.

Bisitari kopuruaren bilakaera
2015eko datuak eskutan, Euskal Herrira 4.722.250 bidaiari iritsi ziren. Orain hamar urte baino milioi bat bisitari gehiagok aukeratu zuen Euskal Herria helmugatzat. 2007an 3.924.364 izan ziren.

Datuei zonaldeka erreparatuz gero egoera desberdinak ageri dira begien aurrean: Ipar Euskal Herriko barnealdea bisitariak galtzen ari da -45.000 gutxiago-. Lapurdiko kostaldeak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroa Garaiak, Euskal Herrira iristen diren bisitari guztien ehuneko hogeinatik gora jasotzen dute. Lapurdik, Bizkaiak eta Gipuzkoak hazkunde iraunkorra izan dute, oro har, 2007az geroztik. Halarik ere, Araba izan da hazkunde handiena izan duen herrialdea.

Euskal kostaldea eta barnealdea bereiztuz gero, hurrengo infografian ikus daitekeenez hazkundea agerikoa da batean zein bestean.

 

Turismoa Euskal Herrian. Bidaiarien urte arteko hazkunde-tasa, 2007-2015

 

Nondik datoz?
Frantzia eta Espainia dira Euskal Herrira datozen bisitari gehienen jatorria. Hamareretik sei dira, hain zuzen ere, eta beste bat gehitu behar zaie barne  turismoa egiten dutenak gehituz gero (iaz baino 30.000 lagun gehiago). Hazkundea izan duten jatorriak diren arren, igoera handieneko jatorriak Suitza, Amerikako Estatu Batuak (AEB) Irlanda, Belgika eta Australia izan dira. Kontrako norabidean, Errusiatik -5.000 gutxiago- eta Txinatik -500 gutxiago- etorritakoak apaldu egin dira aurreko urtearekin alderatuta. Agerikoa da munduko gero eta lurralde gehiagotatik datorrela jendea. Euskal Herria eros ahalmen handiko ekonomien merkatu turistikoan sartu da dagoeneko.

 

Turismoa Euskal Herrian. Bidaiarien urte arteko hazkunde-tasa jatorriaren arabera

 

Hurrengo taulan ikusi daitezke 2014an eta 2015ean Euskal Herrira iritsitako bidaiarien jatorriei buruzko datuak zehaztasun gehiagorekin:

Turismoa Euskal Herrian. Bidaiariak jatorriaren arabera

Non egiten dute lo?
Metropolizazioaren eta mugikortasun azkarraren eraginez hiriburuak eta hauen inguruak ari dira lotarako indartzen, barnealdeko eskaintzaren kaltetan. Nafarroa Garaiaren kasuan hiriburua eta erdialdea zein Baztan indartu dira (Pirinioa eta Erribera makaldu). Bidasoa ere berdin, Gipuzkoako mugan. Ipar Euskal Herrian kostaldea indartu da nabarmen. Gipuzkoan, ildo beretik, Donostia eta kostaldea.

 

Turismoa Euskal Herrian. Bidaiarien urte arteko hazkunde-tasa helmugaren arabera

 

Hurrengo taulan ikusi daitezke 2014an eta 2015an Euskal Herrira iritsitako bidaiarien helmugei buruzko datuak zehaztasun gehiagorekin:

Turismoa Euskal Herrian. Bidaiariak helmugaren arabera

Bestelako zenbait datu
2015ean Euskal Herria helmuga izan duten ia 5 milioi bisitariek ia 9 milioi gaualdi egin dituzte gurean. Horrek esan nahi du 1,89 eguneko bataz besteko egonaldiak egin dituztela bidaiariek. Okupazio tasa %50,2koa izan da iazko urtean. Erreportajearen bukaerako taulan ikusi daitekeen bezala, herrialdez herrialde errealitate desberdinak ageri dira.

 

Turismoa Euskal Herrian, laburbilduta

 

 

Ondorioz
Euskal Herria erakargarria gertatzen zaio turista askori. Sektoreari so, jarduera hazkor baten aurrean gaudela bistakoa da. Euskal Herriak, ordea, turismoari lotutako herri egitasmo adostu bat beharko luke bai munduaren aurrean bere irudia eta herria ezagutzera emateko (hori baita erakargarriena), bai jarduera hau euskal identitatearekin eta gure lurraldearen ezaugarriekin errespetuzkoa izan dadin.

Turismoaren eragina gero eta handiagoa den heinean, ordea, gero eta ondorio handiagoak dakartza:

-Lan merkatuaren alorrean enplegu gehiago dakar turismoak, baina lan baldintza prekarioak.
-Zenbait zonaldek nozitzen duen saturazioa kontuan hartu beharrekoa da, prezioak garestitzea eta bizikidetza arazoak baitakartza gune turistikoenetan; kostalde eta hiriburuetako eremu jakinetan batez ere.
-Barnealdeak turismo gehiago hartuko luke, baina sustapen beharra agerikoa da.
-Turismoaren sustapen estrategia batek hainbat jarduera bazterrean uztea lekarke (laborantza, arrantza…) bai eta lurralde horien idiosinkrasia galtzea ere, kostaldeko herriak eta Pirinioetakoak, hego zein ipar.


Euskal eredu turistikoa herri eredua ere bada, garen bezalakoak ezagutu nahi gaituztelako datoz. Pentsatu beharra dago nolako turismo eredua eskaini nahi dugun eta lurraldeen arteko sinergiak nola sustatuko ditugun. Euskal lankidetzarako eta lurralde garapenerako aukera paregabea eskaintzen du sektore honek. Zalantzarik gabe, eredu eta estrategia turistikoarena eztabaidagai gotorra izango da hurrengo hamarkadan

 

[BIDEOA] Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaolak ETB1eko Azpimarra saioan aferari buruz azaldutakoak ikusi ditzakezue beheko erreproduktorean:

 

TURISMOA EUSKAL HERRIAN. 2015 URTEA.
Turismoa Euskal HerrianBidaiariakGaualdiakBataz besteko egonaldiaOkupazio tasaEnplegua
EAE2.683.3945.156.2091,9251,03.794
Araba384.997669.2621,7442,6534
Bizkaia1.280.8662.468.4891,9351,61.726
Gipuzkoa1.017.5312.018.4581,9853,71.534
Nafarroa Garaia921.8371.702.4171,8538,81.285
HEGOALDE3.605.2316.858.6261,9048,05.079
Iparraldeko kostaldea990.1131.833.8761,8559,0-
Iparraldeko barnekaldea126.906220.0471,7345,9-
IPARRALDE1.117.0192.053.9231,8457,38895*
EUSKAL HERRIA4.722.2508.912.5491,8950,213.974*
Iturria: INE, Baionako Merkataritza Ganbara eta Comité départemental de Tourisme du Béarn Pays Basque.
*Sektorearen bultzadak eragindako enpleguen Ipar Euskal Herriko datuak 2013 urte artekoak dira.