Prekarietatearen feminizazioa

Lan merkatuaren prekarizazioa bereziki indartsua izan da emakumezkoen artean. 2014. urtean sabaia jo ondoren, egun Euskal Herriko emakumezko aktiboen heren bat langabezia eta prekarietatean da (%32,3). Ekonomia garatu baten baitan lanerako adinean diren pertsonen multzo handi bat egoera horretan egoteak adierazten digu indarrean dagoen formazio eta enplegu sistemaren gabeziak, baina okerragoa dena, desoreka sozialak gainditzeko gaitasun mugatua eta populazio aktiboaren galerari aurre egiteko estrategiaren hutsune handi bat.

Emakumezkoen lan baldintzen kaskartzean borondatez kontrako lanaldi partzialen gorakadak pisu handia dauka. Izan ere, lanaldi osoko lana nahi baina lanaldi partziala dutenen artean, lautik hiru emakumezkoak dira. Hots, Euskal Herrian azpienpleguak emakume aurpegia dauka.

Lanaldi partzialaren feminizazioa aspaldikoa da gurean, eta partzialtasunaren egungo gorakadan gero eta gehiago dira honen menpeko emakumezkoak. 2012ko lan erreformaren aplikazioak ekarritako hazkundearen ondorioz, Euskal Herrian beste lurralde batzuetan baino gehiago hazi da kopuru hau. Eta ez dator bat gure antzeko egoera ekonomikoa duten herriekin.

Euskal Herria osatzen duten lurralde guztientzat azpi-enpleguaren feminizazioaren gaineko nahi beste xehetasun ez badaude ere, lan partzial guztien feminizazioaren gaineko lurralde argazki txiki bat egitea lagungarria da. Argazkiak erakusten du fenomenoa nahiko homogeneoa dela Euskal Herri osoan, oso indartsua EAEn eta zertxobait ahulagoa Nafarroa Beherean.

 

Genero desorekak erpin asko ditu eta bai euskal gizartean zein bere lan merkatuan oso errotua dago. Hego Euskal Herrian egun 88.000 dira lanaldi osoko enplegua topatzen ez duten emakumezkoak, eta 30.000 inguru haur edo helduen zainketan aritzeagatik lanaldi osoko enplegurik ez dutenak.