Ongizateko zerbitzuak, eskuragarritasunean desoreka (III): osasun eta babes sozialeko azpiegiturak

Euskal Herriko osasun eta babes sozialeko zentroetarako irisgarritasuna asko aldatzen da lurraldearen arabera. Hainbesteraino ezen batean edo bestean bizitzeak horietara iristeko ibilbidea 20 km-tik gora luza dezakeen. Ikus dezagun lurraldeen arteko desberdintasun horiek zenbatekoak diren bizilekuaren arabera.

Argazki orokorra

Atal honetan aztertzen diren azpiegiturak ospitale publikoak, osasun zentroak publikoak, adinekoen egoitza zentroak eta gizarte-laguntza zentroak dira. Kontuan hartu diren distantziak herrialde bereko azpiegitura gertuenera daudenak izan dira, eta bataz beste, Euskal Herrian 10,9km-ko distantzia ibili behar dela erakutsi digute datuek.

Hurrengo mapan ikus daiteke zeintzuk diren eskualde kaltetuenak: Baztanaldea, Erronkari-Zaraitzu edo Aralar Iparraldea gailentzen direlarik. Orokorrean, Nafarroa Garaia ageri da kolore ilunez, are gehiago Iruñerritik eta Tuteraldetik urrundu ahala. Bilbo Handiak, Deba arroak eta Euskal Eurohiriak, aldiz, askoz ere eskuragarriago ditu zerbitzu hauek.

Osasun eta Babes Azpiegituren eskuragarritasuna, 2015 (Km)

Adineko egoitza zentroen eskuragarritasuna

Azpiko taulan, eskualde hauetako datuak azter daitezke eta herrialde mailako batez bestekoekin konparatu. Distantziaz gain, non Bidasoa Garaia nabarmentzen den, biztanleria eta adineko biztanleriaren inguruko informazioa ematen da. Aipatzekoa da Erronkari-Zaraitzu eta Salbaterraldeko herri elkargoek dituzten zentroen eskuragarritasuna, eta are gehiago  lurralde hauetako zahartze-tasa altua eta bakarrik bizi diren adinekoen kopuru zabala kontuan hartzen bada. Adineko egoitzei dagokionez, ondoko irudian ikus daitezke zeintzuk diren eskualderik kaltetuenak. Ultzamaldea (1), Bidasoa Garaia (2) eta Oloroealdeko herri elkargoan (3), 20km-tik gorako batez besteko distantzia dute adineko zentrorik gertukoenera. Gehienak Nafarroa Garaian kokatuak daude, kontuan izanik gainera, Oloroealdeko herri elkargoak udalerri bakarra hartzen duela bere gain.

Azpiko taulan, eskualde hauetako datuak azter daitezke eta herrialde mailako batez bestekoekin konparatu. Distantziaz gain, non Bidasoa Garaia nabarmentzen den, biztanleria eta adineko biztanleriaren inguruko informazioa ematen da. Aipatzekoa da Erronkari-Zaraitzu eta Salbaterraldeko herri elkargoek dituzten zentroen eskuragarritasuna, eta are gehiago  lurralde hauetako zahartze-tasa altua eta bakarrik bizi diren adinekoen kopuru zabala kontuan hartzen bada.

Horrez gain, aipagarria da bakarrik bizi diren adinekoen kopurua Ipar Euskal Herrian handiagoa izatea (kontuan hartu behar da Hegoaldeko zenbait udalerritan ez dela datua eskuratzerik izan eta eskualdeko estimazioetan desbideratze txiki bat egon daitekeela).

Herrialdeka, aipatu beharra dago, Nafarroa Garaiko distantziak Euskal Herrian dauden luzeenak izan arren, 65 urtetik gorako biztanleria ez dela beste herrialdeetan adina nabarmentzen.

*Biztanleria datuak 2014koak dira Hegoalderako eta 2012koak Iparralderako

Gizarte-laguntza zerbitzuen eskuragarritasuna

Gizarte-laguntza zentroak aztertzerako orduan oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten zentroak hartu dira aintzat eta ez da Trebiño, Argantzun eta Villaverde haraneko daturik eskuratzerik izan.

Kasu honetan ere, Nafarroa Garaia da kaltetuena, gainera, mapan ikus daitekeen bezala, era nabarmen batean. Baztanaldea eta Irunberrialdea ageri da kolore ilunenean, 15km-tik gorako batez bestekoa dutelarik. Nafarroa Garaiko Mendebaldeko gainontzeko eskualdeek ere 10 km inguruko distantziara dute zentrorik gertuenera.

Beste alde batetik, EAE eta Ipar Euskal Herria ageri dira, non, batez bestekoak ez diren 5 km-tik pasatzen, hau da, udalerri gehienek dute zerbitzu hau eskuragarri. Esan daiteke, babes sozialeko paradigma publiko bi daudela Euskal Herrian.

Kaltetuenen artean hurrengo taulakoak dira aztertu beharreko datu interesgarrienak. Eskualdeka, esan beharra dago, eskuragarritasun txikiena duten lehen bi eskualdeak 65 urtetik gorako  biztanle dezente dituztela eta Euskal Herriko bataz bestekoa bikoizten dutela. Tafallaldeak ere, duen biztanle kopururako 10km-ko langa gainditzea datu nabarmena da.

*Biztanleria datuak 2014koak dira Hegoalderako eta 2012koak Iparralderako

Osasun zentroen eskuragarritasuna

 

Osasun Zentroen eskuragarritasuna neurtzeko ez dira Kontsultategiak aintzat hartu, izan ere, Osasun zentroak dira edozein prozedura administratibo egiteko unitate minimoa, nahiz eta ez den horrela gertatzen oinarrizko osasun arreta zerbitzua jasotzeko. Gainera, distantziak Administrazio bakoitzeko distantziaren arabera kalkulatu dira, hau da, EAE, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Ipar Euskal Herria.

Ikusten den bezala, kasu honetan mapa zeharo aldatzen da eta Nafarroa Garaitik Arabara egiten da salto eskualderik kaltetuenei dagokienez, nahiz eta Baztanaldea eta Irunberrialdea berriz ere kaltetuenen artean egon. Mapan markaturik ageri diren eskualdeetan Osasun Zentro gertuenera iristeko 15km-tik gora egin behar da. Hauen artean Arabako Mendialdea (+20km) eta Arabako Ibarrak (18km) gailentzen dira. Datuak herrialdeka aztertuz, Arabak Euskal Herriko batez bestekoa hirukoizten du.

*Biztanleria datuak 2014koak dira Hegoalderako eta 2012koak Iparralderako

Ospitaleen eskuragarritasuna

Eremu administratibo bakoitzeko ospitale gertuenera distantziak adierazten dira mapa honetan:

Kontuan izan behar da ospitale publikotarako distantziak direla, eta ez dira kontzertatuak kontuan hartu. Aralar Iparraldea eta Bortziriak bezalako eskualdeak kolore ilunez agertzea arraro gerta liteke, izan ere, zenbait kasutan Gipuzkoako zerbitzu kontzertatuak erabiltzen dituzte. Azpiko taulan ikus daiteke, oro har, hiriburuen indar zentripetua, baina batez ere, Nafarroa Garaian osasun publikoko Ospitaleetara heltzeak behar duen distantzia luzea agerikoa da. Erronkari-Zaraitzun, Baztanaldean zein Bortzirietan 60km-tik gora egin behar dira. Nafarroa Garaiaz gain, Arabak ere batez bestekoa gainditzen du, eta Errioxa Arabarra kaltetuenen taldean sartzen da ia 60km-ko distantziarekin.

Erronkak, gaurtik bihar

Datuen argitan esan daiteke Pirinioen Hegoaldeko bailarek bizi dutela egoera larriena, kategoria guztietan. Bai adinekoen zentroei dagokionez, bai osasun zentroei dagokionez, zein gizarte laguntza zentroen eskuragarritasunari dagokionez. Nafarroa Garaiko Pirinioak hamarkadak daramatza galera prozesuetan murgilduta eta zerbitzu publikoen gabeziak hainbat herritar eta familia eraman du Iruñera edo gune urbanoagoetara.

Honen guztiaren atzean, beraz, problematika konplexu bat sortzen da, besteak beste, automobilaren erabilera, denbora inbertsioa, gastu handiagoak… dakartzana. Oinarrizko zerbitzuez ari garen aldetik, aldez aurretik ondorio kaltegarriak dituen egoera bat izan daiteke zerbitzu horiek intentsitate handiz behar dituzten herritarrentzat, demagun osasun arazo kronikoak edo menpekotasun egoerak (adinekoak edo haurrak dituzten familiak).

Oso kontuan hatzekoa da, beraz, administrazio eremuaren arabera, oso desberdina dela zerbitzuen antolaketa eta inplementazioa. Eta horrek, halaber, agerian jartzen du gainbehera demografikoa ez dela berez datorren gertaera, politika publikoen aplikazioaren araberakoa baizik.