Egituraketa eredua eta zereginak

Gogo handiz jardungo dugu hiru helburu horiek lortzeko egin beharreko lanetan. Dagoeneko hasiak gara Euskal Herri osoari buruzko oinarrizko informazio estatistikoa biltzen eta antolatzen. Informazio asko aztertu, zehaztu eta antolatu dugu gai hauei buruz: Euskal Herriko lurraldeak, lurralde antolamendua eta barne zein kanpo mugak, udalerriak, biztanleria, biztanleen ezaugarri eta banaketa, urteko garapena, gizartea eta ekonomia, eta abar. Hori guztia zabaldu nahi dugu, teknologia berriez baliatuta. Azterlan sakonago eta zorrotzagoak ere egin nahi ditugu aurrerago. Lan horiek guztiak Euskal Herriaren antolamendu eta garapenerako oso garrantzitsuak direla uste dugu. EUSKAL HERRIKO EKONOMIA ETA GIZARTE GARAPENERAKO BEHATEGIA sortu nahi dugu, adierazle sozio ekonomiko nagusiak zehaztu, horien berri eman eta datuok behar dituzten sindikatu, enpresaburu eta bestelako eragile guztien artean banatzeko asmoz.

Azken batean, Euskal Herriko esparru sozio ekonomiko zabala bizirik dagoela erakutsi nahi dugu eta posible dela gauzak hobetzera bideratutako ekarpenak egitea esparru horretan. Helburu hori betetzeko, ezinbestekoa da gizarte eragileen parte hartze zuzena, eta aipatu ditugun zereginak gauzatu ahal izateko, beharrezkoa zaigu eragile horien laguntza. GAINDEGIAren funtzionamendu ereduak horretarako bidea eman behar du. Alegia, nork bere esparrutik parte hartzeko aukera izan behar du, ahal duen heinean, eta horretarako antolamendu eredu malgua eta zabala izango dugu, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duena, eta bulego tekniko ondo prestatu eta eraginkor batez baliatuta.

Horregatik, erabaki dugu GAINDEGIAk erakunde burujabea, irekia, malgua, joera asko biltzen dituena eta Euskal Herria oso osorik aztergai hartzen duena izan behar duela. Gure zutabe nagusia gure bazkideak izango dira. Hala eta guztiz ere, GAINDEGIAk lantzen dituen egitasmo eta lanek zerbitzu publikoa izan behar dute Euskal Herriarentzat. Horrela, hasiak gara egitasmo zehatz batzuk lantzen, goian azaldutako esparru orokorraren barruan. Egitasmo bakoitzak bere finantzabide berezia eta garatzeko irizpide zehatzak izango ditu. Batzuetan, ikerketa lanak egin beharko dira, beste batzuetan, zabalkunde edo trebakuntza lanak, eta beste batzuetan, aldiz, gai zehatzen inguruko txostenak osatu eta zabaldu beharko ditugu. Horretarako erakunde publikoen babes eta laguntza beharko dugu, noski.

Esaera zaharrak dioen bezala, sutan jarritakoan frogatzen da nolakoa den eltzea eta horixe da gure asmoa, esperientziatik ikasi nahi dugu eta. Beste esaera batek dioenez, atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu. Euskal Herria hemengo eragile sozio ekonomikook osatzen dugu, hein handi batean. Bestela esanda, Euskal Herria gaur zerbait bada, bertako eragile sozio ekonomikoei zor die den horixe, haiek egindakoa baita denboran irauten duena, unean uneko egoera jakinetatik haratago. Ez gara zeregin honetan ari garen bakarrak, baina elkarrekin jardunez gero, eragina izatea lortuko dugu.