Egitekoa eta helburuak

Testuinguru horretan sortu dugu GAINDEGIA, eta lan ordu asko sartu ditugu jatorri eta izaera askotako eragileak biltzeko. Profesionalak, enpresaburuak, unibertsitateko irakasle eta ikasleak, sindikatuetako kideak, berriemaileak eta beste sektore batzuetako gizarte eragileak elkartu gara batera sortu dugun egitasmo eder honetan. Hasiera batean oztopo dirudien hori abantaila bihurtu nahi izan dugu. Elkarrekin jarduteak onurak ekarriko dizkigu eta horrek aurrera egiten lagunduko digu.

Gure egitekoa hitz gutxitan laburbil daiteke: Errealitate sozio-ekonomiko nazionala abiapuntu, Euskal Herriko ekonomia eta gizartegintzaren esparru zabala bizitzea eta biziberritzea, eraketarako zein garapenerako aukera nagusiak aztertuz eta aurrera urratsak egitea ahalbidetuz. Hori dela eta, GAINDEGIAren sorreran finkatutako helburuekin Euskal Herria egituratu eta garatzea da gure asmoa.

Hiru alor nagusitan banatzen dira helburu horiek:

  1. Egoera aztertzea. Erakunde eta administrazio publikoak, lan munduko antolakundeak (sindikatuak, enpresaburuen elkarteak eta gizarte erakundeak), unibertsitateak eta ikerkuntza zentroak aspaldidanik dabiltza esparru sozio ekonomikoa aztertzen, gehienetan ere lurralde ikuspegi zatikatu batetik egin ere. Dokumentazio eta ikerlan ugari ditugu, zein baino zein interesgarriagoak, baina datu guztiak biltzen dituen ikuspegi bateraturik ez dugu. Ezinbestekoa da azterketak eta diagnostikoak etengabe egitea, baina iruditzen zaigu oraingo honetan lehentasuna orain arte egindakoa batzeari eman behar diogula, ikuspegi orokor eta bateratu hori lortzeko, ikuspegi hori askoz ere eraginkorragoa dela uste baitugu. Hortaz, gure hitz gakoa BILTZEA izango da, eta hortxe egingo du GAINDEGIAk bere ekarpen berezia.

  2. Loturak sortzea eta sareak garatzea. Euskal Herriko eragile sozio ekonomikoen arteko loturak sustatzea, elkar ezagutza bultzatzea, teknologia eta jakintzaren transferentziari bide ematea, esparru bakoitzeko eragileei erantzutea eta haiek egituratzen laguntzea. Horixe egin nahi dugu enpresaburu sareekin, lan elkargoekin, sindikatuekin, profesionalekin zein berriemaileekin. Alegia, lurraldeen artean zein lurralde bakoitzaren barruan dauden desorekak aztertu nahi ditugu, desoreka horiek gainditzeko bideak aurkitzeko.

  3. Informazioa zabaltzea eta eztabaida bultzatzea. Euskal Herriaren egituratze eta garapenaren inguruko gaietan murgilduko gara, Euskal Herriaren egungo irudia zabaltzeko. Lehiakortasunari muzin egin gabe, egitasmo bateratuak lantzea posible dela frogatu nahi dugu, azken batean.