Nazioartekotzea, esportazioei eusteko estrategia

Krisi aroko lehen urteak pasa ondoren Euskal Herriko esportazioak nazioartekotu egin dira eta horrek lagundu du, neurri handi batean, Espainiara egin ohi ziren esportazioen beherakada leuntzen. Baina azken urtetan euskal esportazioen kopuruak gora egin badu ere, oraindik ez dira 2008ko zifrak eskuratu. Bilakaera horren inguruko xehetasunak azaltzen dira jarraian.

Euskal Herriko esportazioek beheraldi garrantzitsua izan zuten 2009. urtean. Hurrengo biurtekoan, ordea, berriz ere gora egin zuten, eta 2011az geroztik esportazioen bolumen orokorra paretsu mantendu da. Izan ere, Espainia helmuga duten esportazioen bolumena gainbehera doa, eta Espainia bezero garrantzitsua izan arren, gero eta pisu txikiagoa dauka Euskal Herriko guztizko esportazio bolumenean. Bien bitartean, enpresek nazioartekotzeari ekin diote, bezero-zorroa handituz eta anitzagoa eginez, bai eta harreman historikoak indartuz ere. Orotara, esportazioek Euskal Herriko BPGaren %54,5 osatzen dute (2014), 2008. urtean baino 2,8 puntu gutxiago.

Euskal Herriko ekonomia egiturak tradizioz esportaziorako joera handia izan du, eta horren zutabe nagusia, industria da. Esaterako, 2015 urteko (behin-behineko) datuen arabera, BPGaren %52,9a esportazioak dira, Danimarkaren parean eta Alemaniaren aurretik.

Mundu mailako potentzia berrien esportazio jarioa gorakada doa, baina harreman ekonomiko historikoen eta XX. mendeko estatuen arteko aliantza politikoen itzala oso handia da. Euskal Herriko esportazioen bezero nagusiak Espainia, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, AEB eta Italia dira, hurrenkera horretan. Krisi aroan, Maroko, Espainia, Aljeria eta Portugalek pisua galdu dute gure bezero-zorroan.