Langabezia eta lan merkatuaren eraldaketa krisialdian

Aktiboen galera eta lanaldiaren eraldaketa, langabezia gutxitzearen faktoreak

 

Euskal Herriak  2.000.000 biztanle ditu 15 eta 64 urte artean. Aktibitate tasari erreparatuz, 10etik 7 ari dira lanean edo lan bila. Hau da, gutxi gora-behera 1.400.000 pertsona.
2007az geroztik, ordea, Hego Euskal Herrian 153.000 pertsona gutxiago dago biztanleria aktiboaren baitan, INEren arabera. Hainbat arrazoik eragin dezakete jaitsiera hori, besteak beste, biztanleriaren zahartzeak eta ikastaldiaren luzatzeak. Kontuan izan behar da migrazio saldoak positiboa izaten jarraitzen duela gurean. Alta, aktiboen galera eta lanaldiaren eraldaketa dira, azterketaren harira, langabezia gutxitzearen atzean dauden faktore nagusiak.

Lanaldiaren iraupena

Krisialdian, lanaldi mota eraldatu egin da. Azken datuen arabera, 951.000 dira lanaldi osoa egiten dutenak, 2007an baino 181.000 gutxiago. Lanaldi murritzekoak, aldiz, gora egin dute:

192.000 dira orain, 2007an baino 29.000 gehiago. Datuok ez dituzte kontuan hartzen autonomo gisa ari direnak edo ezkutuko ekonomian dihardutenak.

Lanaldiaren iraupena sexuka aztertuz gero, argi ikus dezakegu oso bestelakoa dela lanaldiaren iraupena emakume eta gizonezkoetan: emakumeen artean 10 kontratutik 4 lanaldi murriztukoa da; aldiz, gizonezkoen artean 14tik 1. Beraz, lan intentsitate baxuak ugariagoak dira emakumeen artean, baina aipatu beharra dago krisiaren eraginez gizonezkoen arteko lanaldi murritzak biderkatu egin direla.

Langabezia datuak

EH osoan 197.000 lagun daude langabezian, pasa den urteko epealdi berdinarekin alderatuta, gutxiago.

Hego Euskal Herrian, INEren arabera, urtea hasi zenetik 2,3 puntu jaitsi da langabezia, aurreko neurketatik 1,3. Eustaten arabera, aldiz, urtea hasi zenetik 1,9 puntu jaitsi da, azken neurketatik 0,1. Joera, beraz, baikorra da bi iturrien arabera, baina zifren aldea nabarmena da.

Alboko grafikoan Euskal Herriko nahiz Europako langabeziaren bilakaera ikus dezakegu. Nabarmena da 2009an langabezia zifrak nahiko gertu zeudela, 2 puntuko diferentzia besterik ez zuten: EHak %11ko langabezia zuen eta EBak %9 inguru.

Baina 2011tik aurrera bi marren arteko aldea handitu egiten da, nabarmen handitu ere: Euskal Herriko langabe kopuruak gora egiten du (%15-16aren bueltan 2011, 2012 eta 2013 urteetan) eta, bitartean, Europakoa igo bai, baina modu progresiboagoan, eta %9-10aren bueltan mantentzen da, alegia, Euskal Herriko tasa baino zifra dezente baxuagotan.

BPGaren bilakaera

Orain urte gutxi ezagutu ditugun enplegu eta aberastasun indizeei erreparatuz, oraindik urrun gaude 2007aren aurreko bolumenetatik.

Esan daiteke, beraz, zenbait sektore indartu arren, egun gure gizartean ez dela sortzen 2007aren aurreko aberastasun bolumena. Sortzen dena, gainera, ez da modu berean sortzen, balio erantsi handieneko jarduerak (industria, esaterako) maila apalagoan dabiltzan neurrian.

Hori esanda, beraz, pentsatzekoa da enplegu datuak hobetu arren,  lan baldintzak (intentsitateak, soldatak…) ez direla orain urte gutxi ezagututako mailara iritsiko epe luzean.

Grafikoan joera horiek garbi ikus daitezke: krisia hasi eta berehala Euskal Herriko BPGak behera egin zuen, eta 2009tik hona, gora beherekin bada ere, goranzko joera hartu du berriz ere. Hala ere, Alemania edo EB-28 baino baxuagoa da, eta krisialdia hasi zeneko balioetatik urrun dago oraindik.  

Ondorioak

Esandakoarekin, beraz, prozesu desberdinak gurutzatzen ari dira. Batetik, biztanleriaren galeraren ondorioz, lan aukera berrien eragin handiagoa gertatzen ari da enpleguan. Lan hori, baina, gero eta intentsitate txikiagokoa da, eta balio erantsi handieneko sektoreak indartzen ez diren bitartean, ordain txikiagokoa ere bai.

Beraz, etorkizunari begira, arreta handiz aztertu eta pentsatu beharko dugu nolako jarduera ekonomikoa beharko dugun gizarte honetan, gure tamainako aberastasuna sortzera iristeko. Baina horrekin batera, pentsatu beharko da nola banatuko den aberastasuna enplegua egon dadin, horrek ordain egokia izan dezan eta gabeziak bizi dituenak bere oinarrizko beharrak ase ditzan. Besteak beste, herri honek zein konponbide aurkituko dion eraldaketa teknologikoaren eraginez, lan merkatutik kanpo edo intentsitate oso txikiekin geldituko diren milaka herritarrei. Ez dugu ahantzi behar gure herria dela munduan pertsonako aberastasun  gehien sortzen duenetako bat.

Audioa: Info7 Irratian, langabeziaren ertzak