158.700 langabe Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 5.100 gutxiago (INE)

> 2017ko bigarren hiruhileko datuen arabera, Euskal Herriko langabezia tasa %10,79koa da (INE), aurreko urteko hiruhilabetean baino 1,5 puntu apalagoa. EUSTATek berriki kaleratutako datuen arabera, Euskal Herrian langabezia tasa iaz baino 2,7 puntu apalagoa da eta %10,62an kokatzen da.

> Azken hiruhilekoan langabetuen bolumena apaldu egin da Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian. Araban eta Nafarroa Garaian, ordea, langabetuak gehiago dira orain urte hasieran baino. Bizkaian, langabetuak gutxitu egin dira EUSTATen arabera eta zertxobait ugaritu INEren arabera. Modu batean ala bestean, biztanleria aktiboa lurralde guztietan igo egin da, gehiago ala gutxiago.

> INEko datuen arabera, azken hiruhilekoan langabezia tasa soilik Gipuzkoan jaitsi egin da (-2,54), eta gainontzeko lurraldeetan, igo edo mantendu egin da. INE eta EUSTATek bat datoz Gipuzkoako langabezia tasaren jaitsieran eta Arabako langabezia tasaren igoeran. Bizkaian, ostera, EUSTATen arabera langabezia tasa 0,50 puntu jaitsi egin da eta INEren arabera 0,04 igo. Ipar Euskal Herrian, behin-behineko datuen arabera, 0,3 puntu apaldu da langabezia, hain zuzen ere, Nafarroa Garaian gertatu denaren aurkakoa. Datu hauekin, Arabak aurrea hartu dio Bizkaiari eta bertan kokatzen da Euskal Herriko langabezia tasarik handiena (%13,05), INEren arabera.

> Azken hiruhilekoan, EB-28ko langabezia tasa Euskal Herrikoa baino modu nabarmenagoan apaldu da, eta, bi lurraldeen arteko aldea 0,2 puntu handitu da hortaz. Egun, Euskal Herriko langabeziak 3,1 puntu handiagoa izaten jarraitzen du (INE).