Gero eta emakume gutxiago landa eremuan

Biztanleriaren sexu eta eskualdekako azterketa demografikoak agerian jarri du Euskal Herriko landa guneetatik urruntzen ari direla emakumeak. Ikus ditzagun datuak.

Euskal Herriko joera nagusiak

Ohikoa denez, biztanleria handitu hala emakumeen proportzioak gora egiten du. Naturala denez, gizon gehiago jaio ohi da emakumeak baino, baina emakumeek bizi-itxaropen luzeagoa dute. Ondorioz, adin taldeka aztertuz, belaunaldi gazteetan gizonezkoen nagusitasuna gertatzen bada, 48 urtetik gorako adin taldeetan murriztu egiten da, harik eta adin talde nagusietan emakumeak nagusitu arte.

Euskal Herrian orokorrean gertatzen den joera hori aintzat hartuta, emakumearen presentzia lurraldean nahiko desorekatua da. Grafikoan ikus daiteke nola 45 urtetik gorako emakumezko hiritarren kopuruak gorantz egiten duen bitartean, landa guneetan bizi direnena urritzen doan.  Salbuespena 65 urtetik gorako taldeetan gertatzen da, bertan adineko biztanleria nagusi baita.

Herrialdeka, deigarria da Zuberoako kasua, 15-24 urte bitarteko emakumeen proportzioa oso baxua duelako, baita 45 urtetik gorakoena ere, Nafarroa Beherean eta Garaian ere gertatzen den bezala.

Udalerriaren tamainari erreparatuz, ikus daiteke 1.000 eta 5.000 biztanle bitartean dituzten udalerrietan emakumezkoen presentzia oso urria dela. Egoera hori 500 biztanle baina gutxiago duten udalerrien kasuan 64 urtetik beherako adin guztietan errepikatzen da.

Emakumeen presentzia eskasa duten lurralde eremuak

Eskualde mailan, 25-64 urte bitarteko emakumeak aintzat hartzen baditugu, nabarmena da ondorengo eskualdeetan dagoen proportzio baxua, %44tik beherakoa, kasu guztietan: Trebiñuko Konterria, Arabako Mendialdea, Erronkari-Zaraitzu, Arabako Ibarrak eta Irunberrialdea.

Ez dira emakumeen presentzia eskasa duten zonalde bakarrak. Nabarmentzekoa da presentzia murritzena duten 13 eskualdeek landa girokoak direla.

Eskualde gehienak, hiri nagusiak barne hartzen dituztenak salbu, Euskal Herriko batez bestekotik behera daude. Hortaz, emakumeen presentzia %48 baino baxuagoa duten eskualdeak besterik ez dira ageri mapan.

Emakumeen presentzia, genero aldagai bat baino gehiago, tokiko garapen sozioekonomikoaren maila neurtzeko aldagaia ere bada. Hala, aldagai honen analisiak helburu bikoitza du.

Emakumezkoen presentzia eskasa duten udalerriak

Udalerri mailan, bereziki baxua da 25-64 urte bitarteko emakumeen proportzioa biztanleria gutxiko landa inguruneko udalerrietan. Euskal udalerri gehienetan, 25-64 urteko emakumeen proportzioa Euskal Herriko batez bestekotik behera dago (hori dela eta, %40tik beherako proportzioak dituzten udalerriak soilik marraztu dira mapan).

Ondorioz, esan daiteke batez bestekotik gorako udalerriak, batik bat, tamaina handikoak direla, esaterako, Donibane Lohizune, Angelu, Miarritze, Getxo edo Donostia.

Erronkak, gaurtik bihar

Landa eremuko eredu sozio-ekonomiko eta kulturala patroi oso maskulinizatu eta patriarkalei lotuta egon da II. Mundu Gerraz geroztik eraikitako gizartean. Euskal Herriko landa eremuan badaude inguru oso industrializatuak, bai eta laborantzari oso emandakoak. Batean zein bestean, emakumeak ez du ibilbide autonomoa (ekonomikoki, profesionalki…) egiteko aukera errazik izan.

Adin handieneko belaunaldietan nabaria da “neskame” joan behar izan zutenen ausentzia, belaunaldi gazteenetan, berriz, nabaria da formazio maila handienekoen ausentzia.

Hiri-gune handienetatik zenbat eta gehiago urrundu handiagoa da galera prozesu honen inpaktua. Gauzak horrela, esan daiteke lurralde politikak, besteak beste, zerbitzuen eskuragarritasunak edo diseinu ekonomikoak, berebiziko eragina izan dutela emakumeen deserriratzean. Beraz, etorkizunean ere, arreta handiz zaindu beharko da zein lurralde eredu inplementatzen den, baldin eta tokiko biztanleriari eutsi nahi bazaio, edo  tokiko garapen prozesuak abian jarri nahi badira.