Ia 60.000 familia, eskola sartzeko gastuak ordaintzeko zailtasun larriekin

Ia 60.000 familiek eskola sartzeko gastuak ordaintzeko zailtasun larriekin hasi dute ikasturtea. Dela liburuak, dela arropa, dela garraioa… asko dira Euskal Herrian irailak dakartzan gastu horiei ezin aurre egin ibili diren familiak.

Krisi aldi ekonomikoak eta honek ekarritako langabezia, errenten jaitsiera edo oinarrizko gastuen hazkundea (argia, elektrizitatea eta abar) eragin zuzena izan dute familien pobretzean, eta aurrezteko gero eta zailtasun handiagoak dituzte.

Datuei begiratzea besterik ez dugu: egun 104.000 haur gabezia material larrian bizi dira, alegia, ezin diete aurre egin oinarrizko baliabideen gastuei (alokairu edo hipoteka, elikadura osasuntsua, etxea bero izatea, eta abar).

Mapa pobrezia lurraldekaIraileko gastua

Familien zailtasunak agerian gelditu dira irailean. Izan ere, eskola hastearekin batera ez ohiko gastu dezenteri aurre egin behar izaten diete familiek.

Euskal Herrian 520.000 ikasle matrikulatu dira aurten: 370.000 ikasle EAEn,  102.000 Nafarroan eta 50.000 Ipar EHn. Familia bakoitzak, batez beste, 300-700 euro bitarteko gastua egin du Hego Euskal Herrian, eskolako matrikula, liburu, arropa, jantoki edota garraio gastuak batuta. Hori bai, liburuek hartzen dute gasturik altuena: 30 eurotatik 200 eurora iritsi daiteke gastu hori.

Gastuok lurraldetik lurraldera eta ikastetxetik ikastetxera aldatzen dira, baita ikasketa mailaren arabera ere: lehen hezkuntzan, esaterako, 90-120 arteko kostua izan dezakete liburuek, eta, aldiz, bigarren hezkuntzan 170-220 bitartean kokatuko da gastu hori. Alegia, gero eta ikasketa maila altuagoa, gero eta gastu altuagoa ere bai.

Haurren 5etik 1 pobrezian

Eustaten arabera, EAEn 10 familietatik 1 larri iristen da hil amaierara. Haurren artean pobreziak proportzio altuagoak hartzen ditu: Eurostat-en datuen arabera (2014), Euskal Herrian 5 umeetatik 1 pobrezia egoeran bizi da.

Alboko mapa honetan pobreziak hartzen dituen proportzioak ikus ditzakegu lurraldeka, bai biztanlerian orokorrean bai haurrengan.

Mapa oinarrizko gastuakOinarrizko gastuek gora egin dute

Krisi urteetan familien gastuak behera egin du: %4 EAEn eta %9 Nafarroa Garaian. Familiek gutxiago gastatzen dute 2009 urtean baino, zehazki 1.600 euro inguru gutxiago urtean. Baina non aurrezten dute gastu hori? Zehazki aisian, jantzietan eta oinetakoetan, alegia, saihestu edo atzeratu daitezkeen ondasunetan.

Izan ere, oso kontuan izan behar dugu oinarrizko gastuen portzentajea igo egin dela: etxebizitza, ura eta energia gastuak familien aurrekontu guztiaren %35 suposatzen dute, 2009an baino 1,8 puntu gehiago. Oinarrizko ondasunen pisua, beraz, handiagoa da orain.

Gastuen banaketa oso bestelakoa dute Ipar eta Hego Euskal Herriak. Alboko mapan argi islatzen da hori: Ipar EHn oinarrizko gastuek askoz ere proportzio xumeagoa hartzen dute (%15,7), alegia, Hego EHn hartzen dutenaren erdia baino gutxiago; elikagaietan, ordea, gehiago gastatzeko ahalmena dute. EAEn eta Nafarroa Garaian oinarrizko gastuek aurrekontuaren herena gainditzen dute, eta, beraz, elikagaiek gastuaren proportzio baxuagoa hartzen dute.

Gogoan izan dezagun, Europako Batasunarentzat pobrezia ez dela gaitasun ekonomikoaren arabera bakarrik neurtzen. AROPE izeneko neurgailuak aintzat hartzen ditu gabezia material larriak eta gurasoen lan intentsitate baxua. Honek, gure kasuan eztabaida zabaltzen du eta aztergai bihurtzen du familien gaitasuna seme-alabak egoki eskolatzeok.

Laguntzak

Familiei zuzendutako laguntzei dagokionean bi errealitateren aurrean gaude: Ipar EHarena eta Hego EHrena. Aipatu izan dugu behin baino gehiagotan Frantziako Estatuak familiak babesteko hainbat laguntza dituela martxan, Hego EHn ez bezala.

Eskolako lehen gastu horiei aurre egiteko ere badira hainbat laguntza Ipar EHn: zehazki 524 euro banatzen diete familiei irailetik abendura bitartean eta errentaren araberako banaketa egiten da. Pasa den irailean 11.000 familiek jaso zuten laguntza hori.

Hego EHn, aldiz, badira eskolako gastuei aurre egiteko zenbait laguntza, baina Ipar EHn baino dezente baxuagoak dira. EAEn, esaterako, gehienez 100 euro ematen zaio haur bakoitzari, eta Nafarroa Garaian 80-100 euro ingurukoa da laguntza, liburuak erosteko bideratua. Esan beharra dago aurten herrialde honetan %10 igo direla behar ekonomiko larria duten ikasleentzat laguntzak.