Industria hiri nagusien bilakaera

Euskal Herriko hiri eta herriek azken hamarkadetan izan duten garapenari so eginez, euskal geografian desorekak indartzen ari direla esan zitekeen. Bilakaera horretaz jabetzeko, industrialak izan diren udalerri handien eboluzioa nolakoa den ikusiko dugu. Zehazki, 2000. eta 2010. urteen artean beraien egitura ekonomikoan industriak indarra galdu duen 10 mila biztanletik gorako udalerriak aztertu dira. Azterketak eztabaidara ekarri nahi du hiri horien iraunkortasuna bermatzeko eredua zein izan daitekeen, oraingo aldaketek etorkizunean desoreka berriak sor ez ditzaten.

Zahartzen doan herria

Industrializazioak 60 eta 70. urteetan areagotu zuen biztanleria etorrera nabarmenak eta orduko baby boom-ak gaur egungo metabolismo demografikoan eragina izan du: Euskal Herriko biztanleria zahartze prozesu orokor batean murgildua dago. Eibarren, Arrasaten eta Laudion, esaterako, fenomeno hau oso nabarmena da. Udalerri horietako zahartze indizeak %160a gainditzen du; hots, belaunaldi gaztek ez dute zaharren belaunaldia ordezkatzeko gaitasunik.

Kualifikazio txikiko enplegua langabeziari lotuta

Krisiaren hasieratik ona establezimendu kopuruari hoberen eutsi dioten udalerriek lortu dute udalerriko enplegu kopurua mantentzea. Egoera horretan aurkitzen dira Zornotza, Amurrio, Leioa eta Mungia, enplegu kopurua mantendu edo handitu duten udalerri bakarrak baitira. Halaber, udalerri bateko enplegu eskaintza bere ehun ekonomikoaren baitakoa da, eta honek eragin zuzena du jendartean. Adibidez, kualifikazio gabeko enplegu tasa handiena duten udalerrietan langabezia tasa altuak aurki daitezke: Hernani (%14,3), Arrasate (%15,6), Pasaia (%17,2) eta Erandio (%18,2). Oñatik, berriz, kualifikazio gabeko enplegu tasarik txikiena du, eta langabezia tasa %8,8koa da soilik.

Okupazio tasa parekideak errenta berdintasuna dakar

Genero arteko desoreka ezin da maila ekonomikoan soilik neurtu, baina gizon eta emakumeen lan errentan dagoen diferentziak honen inguruko ideia bat eskaini diezaguke. Hurrengo grafikoan gizon eta emakumeen artean dagoen okupazio tasaren aldea lan errentaren genero desorekarekin alderatu da. Joera antzeman daiteke: zenbat eta alde handiagoa egon gizon eta emakumeen arteko okupazio tasan, emakumeen errenta gizonena baino orduan eta txikiagoa da.

Etxebizitzen dentsitate handiak zerbitzuen irisgarritasunean badu eraginik

Udalerrien erakarpen indarrak hauen etxebizitza parkearen handitzea eragin du. Baina urbanizazio prozesu hauetan eguneroko bizigarritasunak eskatzen dituen mugikortasun eta zerbitzuen beharrak bermatu behar dira, hiritarrek eguneroko eginbeharrei erantzuteko hiriko puntuen artean mugitu beharra izaten baitute. Jarraian agertzen diren datuek erakusten dute hirien trinkotasunak zerbitzuen estaldura zein neurritan bermatzen duen.

Datuen argitan ikus daiteke Pasaia eta Eibarrek, adibidez, hiri-nukleoan zerbitzu guztien estaldura oso ona eskaintzen dute. Kontrakoz, Mungian eta Amurrion (etxebizitza dentsitate baxueneko udalerriak), zerbitzuen kalitateak nabarmen egiten du behera.

Burujabetza energetikoa edukitzetik urrun

Hipotesi ariketa bat egin dugu: udalerriek sortzen duten energia berriztagarria herrian bertan kontsumitzen dela pentsatu. Hori baliatuta, eta udalerri bakoitzak energia berriztagarria sortzeko instalatuta duen potentziaren arabera, udalerrian kontsumitzen den energia elektrikotik berriztagarria den tasa neurtu dugu. Emaitzak energia berriztagarrien sustapenean bide asko egiteko dagoela erakusten du: Oñatik soilik sor lezake modu berriztagarrian kontsumitzen duen energiaren %100; gainerako udalerriak oso portzentaje txikia dute.

Erronkak, gaurtik bihar

Ez da erraza esandakoa ideia bakar batera laburtzen, baina agerikoa da aztergai izan ditugun euskal udalerriek bere egituran aurreko hamarkadetan gertatuaren ondorioak nozitzen ari direla eta ondorio horietako askori ematen zaion erantzunak baldintzatuko duela udalerri hauen geroa. Azken batean, bistakoa da, udalerrien iraunkortasuna ikuspegi integral batetik aintzat hartu gabe nekez egin daitezkeela udalerri  hauen geroa eta bere herritarren ongizatea bermatuko duten egitasmo estrategikoak.