Gizarte ekonomiak 75.000 enplegu sortzen ditu Euskal Herrian

ANEL elkarteak (Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak) jakinarazi berri duenez, Nafarroa Garaian 2014ko bigarren seihilekoan sortu zen hiru enplegu pribatutik bi gizarte ekonomiatik etorri zen. Izan ere, krisi garaian berme handienak ematen dituen alorra da gizarte ekonomia; horren adibide nabarmen bat hizketagai izan da aste honetan, Azpeitiko Azkue altzarigintza enpresa zenaren langile ohiek lan sozietate bat sortu dutela eta. Dena dela, krisialdian zein garai oparoagoetan, Euskal Herrian tradizio handia du gizarte ekonomiak: Ipar Euskal Herriko nekazaritza kooperatibak, Debagoieneko industria, Emaus, Gureak

grafikoa2

 

Gizarte ekonomiak 75.000 enplegu inguru sortzen ditu gaur egun Euskal Herrian; bestela esanda, euskal herritar landunen %5,8 ari da gizarte ekonomian. Dena dela, aldea nabarmena da herrialdearen arabera, Nafarroa Garaiko %3,6tik hasi eta Gipuzkoako %9,8ra. 

Gizarte ekonomiaren zati handi bat kooperatibek hartzen dute. Gaur egun bi mila kooperatiba inguru daude Euskal Herrian; elkarlanezkoak dira ezagunenak, baina beste kooperatiba mota batzuk ere arruntak dira, bereziki eskualde eta herrialde batzuetan. Esaterako, nekazaritza kooperatibek pisu handia dute Errioxa Arabarran, Arabako Mendialdean zein ipar Euskal Herrikoan. Bestalde, etxebizitza kooperatibak ere oso zabalduta daude Araban. Kreditu eta hezkuntza kooperatibek ere hedapen handia dute gurean.

grafikoa

Hego Euskal Herrian, kooperatiben kopuruak nabarmen egin du gora krisialdi honetan. Lana galdu edo ezin aurkitu dabiltzan askok autoenpleguaren alde egiten dute, eta sarritan, kooperatiben bidez gauzatzen da autoenplegu hori. EAEren kasuan 2008an indarrean sartu zen Kooperatiba Txikien Legea pizgarri izan da. Izan ere, kooperatiben izaera asko aldatu da azken urteotan: gaur egun EAEko kooperatiben erdia baino gehiago zerbitzuen sektorean dabil, asko ugaritu dira hamar langiletik beherako kooperatibak, eta iraganean ez bezala, hiru hiriburuen inguruko eskualdeetan kooperatiba ugari sortzen ari da krisia hasi zenetik.