Gazteen proportzio demografikoaren jaitsiera

80ko hamarkadan Hego Euskal Herriak inoiz ezagutu duen gazte kopuru handiena izan zuen. Gerren ondorengo hazkunde ekonomikoak, migrazio handiak edo babyboom-ak bezalako gertakizunek 15 eta 29 urte arteko biztanleria izugarri haztea ekarri zuen. Baina aldi berean, garaiko krisialdia medio, jaiotza tasa baxuena erregistratu zen garaia ere izan zen. Eten egin zen horrela, ordu arteko belaunaldien arteko ordezkapen orekatua. Zer gertatu da orduz geroztik? Nolakoa izan da egoera horren bilakaera eta zer gertatzen da gaur egun?

80ko hamarkada amaitu berritan (1991) Euskal Herriko biztanleriaren laurdena gazteak ziren (711.00 pertsona), eta haur eta gazteak batera hartuta, %41,8koa zen horien portzentajea. Hogei urte beranduago, aldiz, 2011ean, biztanleria gaztearen kopurua %14koa da (454.000 pertsona) eta murrizten jarraitzeko joera du gainera.

Joera horren arrazoietako bat 1985 inguruan gertatutako krisialdian topa daiteke. Garai hartako gaztedia jendetsuak langabezia gogorra erasan zuen eta neurri handi batean horren eraginez jaiotza tasa asko murrizten hasi ziren. Hazkunde demografikoari geldialdi demografikoak jarraitu zion beraz, eta belaunaldien arteko ordezkapena gainbeheratu zen urte gutxiren buruan: 1995ean Hego Euskal Herrian 48.000 haur jaio ziren, 1985ean 26.000 eta 1995ean 20.000.

Orain, 2016an, guraso izateko adinean dauden belaunaldiak inoizko urrienak dira. Horrek dakar belaunaldien arteko ordezkapena negatiboa izatea, hau da, gazteak baino haur gutxiago egotea. Pentsa daiteke, gainera, hurrengo urteetan ere jaiotza kopurua apala izango dela eta joera negatibo berberarekin jarraituko duela belaunaldien arteko harremanak ere.

biztanleria-adin-tarteak

Lurraldeka erreparatuz, gazteen proportzioan jaitsierarik handienak izan dituzten lurraldeak hazkunderik handienak jasan dituzten horiek izan dira. Zehazki, Gipuzkoa, Bizkaia eta Zuberoak, %40tik gorako jaitsiera eduki dute.

Eskualdeak aintzat hartuz gero, ikus daiteke Nafarroa hegoaldean eta Lapurdin daudela gazte proportzio handienak, eskualde horiek direlako, besteak beste, migratzaile gazteak jasotzen ari direnak. Pirineoaren inguruan eta Trebiñun, aldiz, proportzio txikiena duten eskualdeak aurki daitezke, pixkanaka herritarrak galtzen ari diren zonaldeak direlako.

Lapurdiko eskualdeak dira gazteen proportzioan hazkundea sumatu duten bakarrak. Izan ere, Lapurdik Frantziatik lanera datozen familia gazteak hartzen jarraitzen du bertako zerbitzuen ekonomiak sortzen dituen enpleguetan jardutera. Gazteen kopuruan gehien apaldu diren eskualdeak, berriz, indarrean dagoen lurralde politikan periferizazio prozesu luzea daramatenak dira, jarraian zehaztuak:

 

Gazteen kopuruan gehien apaldu diren eskualdeak:

Murriztea ehunekotan

Bortziriak

%-32,2

Kantauri Arabarra

%-32,5

Aralarko Iparraldea

%-33,5

Erronkari-Zaraitzu

%-35,1

Arabako Mendialdea

%-35,4

Trebiñoko Konderria

%-48,9

Salbaterraldeko herri elkargoa

%-75

Iturria: INE eta INSEE. Biztanleriaren Zentsuak

Euskal Herriak azken hamarkadetan bizi dituen gora-behera larri hauek ez dira eman Europako erreferentziazko lurraldeetan. Esaterako, Norvegiak, Erresuma Batuak, Eskoziak, Suediak, Danimarkak eta Herbehereek gazteen proportzioa handitzea lortu dute, eta Finlandia, Frantzia eta Alemaniak berdintsu mantentzea. Aldiz Euskal Herriak ia bost puntu galdu ditu (Espainia, Italia eta Kataluniaren antzera). Horrek adieraz dezake gure demografian, oraindik orain, gure planifikazioak baina eragin handiagoa dutela kanpotik induzitutako faktoreek, eta hauen ondorioak hamarkadetan luzatzen direla.

gazteen-presentzia-euskal-herria-eta-europa

Erronkak, gaurtik bihar

Europako bidetik geuk ere biztanleria eta biztanleriaren bizi-baldintzak zaintzeko politikak indarrean jartzen ez baditugu gora behera handiak izaten jarraituko dugu gure metabolismo demografikoan eta lurralde orekan. XXI. mendean beharrezkoa da, beraz, pertsonen bizitza eta proiektuak horrenbeste baldintzatuko ez dituen sistema sozioekonomiko bat eraikitzea Euskal Herrian bere lurralde eremu guztietan eragingo duena (eremu metropolizatuetan bezala landaguneetan). Sistema horrek ezinbestean bermatu beharko du kolektibo sozial kaltetuenen ongizatea (gazteak eta emakumeak), besteak beste, oinarrizko ongizate baldintzei dagokionez (enplegu duina, etxebizitza eskubidea eta emantzipazio goiztiarra, zaintza eta ordaindutako lanaren arteko uztardura eta abar).