Gazteen laneratzea: egungo arazo, etorkizuneko erronka

Euskal Herriko ekonomiak, bere jarduera industrialaren eraginez, profesionalizatutako, hau da, formazio maila bereziko lanbideen herria izan da mende luzez. Azken hamarkadotako bilakaerak formazio maila igotzea ekarri du eta halakoak dira gure artean enpleguetako asko eta asko. Laneratzea, ordea, kontratu bat sinatu eta lantokira joatea baino gehiago da. Ibilbide bat, denboran iraunkorra den dedikazio bat eskatzen du, zenbat eta eginkizun konplexuagoa, orduan eta laneratzeko prozesu luzeagoa. Hori, ordea, posible al da Madrilgo lan erreformak araututako lan merkatu honetan? Halaber, zilegi al da gazteei, urte luzetako formazio aldi gogorretan murgilduta, gogorik eza leporatzea? Beste era batera esanda, euskal ekonomiak, jasan al dezake gazteen laneratze eraginkorra helburu ez duen lan merkatu hau? Ikus dezagun, Euskal Herria eta Hego Euskal Herria batez ere, Europako Batasunean gure kidekotzat hartzen diren erregioekin alderatuz.

Joera ekonomiko orokorra

Gure erreferentzia diren lurraldeek Ikerketa eta garapenean geuk baino baliabide gehiago izan dute. Europako I+G inbertsioan EB-28ren pare ibili gara doi-doi (BPGren %1,99). Europako ardatz industriala osatzen duten lurraldeetatik urrun. Horrela ez da erraza titulatutakoen pareko enplegua sortzea. Krisi urteetan erreferentziazko lurraldeetan landunen artean goi tituludunen presentzia nabarmen handitu da, gurean ez, ordea.

I+G

Goi-tituludun landunak

Gazteen formazioa | jarduera tasa | langabezia

Euskal gazteek formazio maila handia dute, % 54,4 goi-titulazioa du (30-44 urte arteko gazteen artean ) eta 20-24 urteko ikasleen artean %84,7 goi-titulazioko ikasketak egiten ari da. Emakumeen artean are  handiagoak dira proportzioak, Finlandiaren pare gaude. Eskola uztea jaitsi egin da euskal lurralde guztietan (Nafarroa Garaian erdira) eta erreferentziazko lurraldeen pare gabiltza. Alta, nabarmentzekoa mutilen artean, batez ere, Nafarroa Garaian atzetik gabiltzala. Ikasi edo lan egiten ez duten gazteen kopurua (20-24) hazi egin da urte hauetan (13,9). Erreferentziazko lurraldeen bikoitza da, eta gurean handitzen jarraitu du, beste lurraldeetan ez bezala.

Gazteen artean (20-24 urte) jarduera tasa baxuenetakoa dugu, ikasten ari direnen proportzio altuagatik. Krisi urteetan are handiagoa. Ikasketa prozesua luzea da gurean eta ez da lan esperientziarekin uztartzen. 25 urtetik gorako gazteen artean jarduera tasa handienetakoa dugu, langabezia ere bai. Urte hauetan emakume gazteen artean jarduera tasa jaitsi egin da, Katalunian ere bai, erreferentziazko lurraldeetan gora egin du. Oso kezkagarria, ikasketengatik ote? Ezkutuko lanagatik ote? Joera orokorraren kontra doa.

Langabeziari dagokionean, gurean gazteen langabezia handienetakoa (%25), adin talde guztietan, gazteenetan batez ere (%45). Kataluniak ere antzeko emaitzak ditu. Agerikoa da Espainiako lan erregulazioen ondorioa dela. Andre eta gizon gazteen artean, antzekoa da tasa. Baina EB-28koaren oso gainetik. Europa osoan joera hori nagusitu da, baina gurean beste inon baino indartsuago.

Goi-titulaziodun ikasleak

Gazteen jarduera tasa Gazteen langabezia

Ondorioak

  • Eraginkortasun handiko ekonomia dugu, baina horrek ezinbestean eskatzen du gaitasuna eta berrikuntza.
  • Gazteen laneratzea gaur egun Hego Euskal Herrian lan merkatu eskas baten menpe dago.
  • Herri ikuspegi batetik ezinbestekoa da laneratze eraginkorra lortzeko bideak jartzea. Gazte guztienak eta horien artean, bereziki, emakumeena.
  • Herri ikuspegia duen planifikazioa beharrezkoa da, belaunaldi berrien laneratzeak ezin du momentuko ekonomiaren baitan gelditu.
  • 80ko hamarkadako krisiaren ondorioak nozitzen ari gara eta urte hauetan gertatutakoak ere luzaroan eragingo du.