Kualifikazio handiko eskulana Euskal Herrian (II)

Ikasturtea hastearekin batera milaka ikaslek ekiten diote goi-mailako ikasketei, bai Unibertsitateko gradu eta graduondokoetan zein lanbide heziketaren goiko zikloan. Horixe da, hain zuzen, goi-mailako titulatuen proportzioa neurtzeko erabiltzen den irizpidea: unibertsitateko titulua edo lanbide heziketako II. Zikloa.

Grafikoa1Ongi formatua izateak balore handia du gure gizartean. Azken 30 urteetan asko hazi da goi mailako formakuntza duen biztanleriaren proportzioa. Hazkundea bereziki handia eta ia etengabekoa izan da 90eko hamarkadatik aurrera, Hego naiz Ipar Euskal Herrian. Formakuntzaren eskaintza zabaldu ahala, eskaria ere handituz joan da. Horrekin batera, formaziorako azpiegitura eta egitasmo garrantzitsuak sortu dira. Errotik aldatu da gure gizartea alor honetan.

Euskal Herrian gaur egun, biztanleria aktiboaren ia erdiak ditu goi mailako ikasketak (%44,9). Honela, Europar Batasuneko erreferentziazko lurraldeen gainetik gaude eta  EBko batez bestekoa 17 puntutan gainditzen dugu. Proportzioa are altuagoa da 30 eta 34 urte artean dituzten Euskal Herriko gazteen artean (%57,3). Formazio mailako ezaugarri hau ezinbestekoa da Euskal Herriarentzat, besteak beste, mundu mailako erronkak eta gure-gureak diren arazoei aurre egiteko, enplegua, aberastasuna sortzea, gizarte kohesioa, trantsizio energetikoa, erresilientziarekin lotutako praktika berriak…
Formakuntza eta enplegua

Baina biztanleria formatuena izateak ez du enplegua bermatzen, ez eta erronka berriei erantzuteko baliatzea ere. Orain arte indarrean izan diren ikasketa planek eta titulazioek 90eko birmoldaketa industrialaren ondorengo helburuekin lotura zuten, besteak beste, industriaren pisu txikiagoa, jardueren espezializazio handiagoa eta ezagumenduan oinarritutako zerbitzu ekonomia helburu zuena.

Grafikoa2

Azken urteotako gora-behera makroekonomikoek eta horren inguruan gertatutako aldaketek, ordea, arazo berriak ekarri dituzte, eta Euskal Herrian kualifikazio handiko profesionalen proportzioa ez da handitu landunen artean. Unibertsitate ikasketak dituztenen artean laneratze maila handia izan arren (EAE %81), landunen artean goi-tituludunen proportzioa egonkor mantendu da . Krisiak krisi, EB-28ko estatu eta herrialde gehienetan goi mailako ikasketak dituzten landunen kopuruak hazten jarraitu du 2007tik aurrera ere. Katalunian ere, gurean baino bilakaera hobea izan dute goi mailako tituludunek lan merkatuan. EHn aldiz ez da apenas hazi.

Hala ere, aipatzekoa da Euskal Herrian lehen eta bigarren mailako ikasketak dituzten landunen lan tasak bilakaera negatiboagoa izan dutela. Sortzen ari den enpleguak  gero eta titulazio handiagokoa da, nahiz eta ez den, esan bezala, Europako erreferentziazko eremuen mailan gertatu.

Halaber, ez dugu ahaztu behar, goi-formakuntzaren aldeko hautua oso lotuta dagoela krisialdiarekin, edo kalitatezko enplegu bat lortzeko xedearekin. Egungo egoeran, zoritxarrez, laneratzeko ezintasunek ikastaldia luzatu eta tituluak gehitzen joateko erabakia hartzen du te askok.

Hori dela eta:  Euskal Herriko gazteen jarduera tasa txikia da, bereziki 15 eta 24 urte artean: %29,4a baino ez dago lan merkatuan Kontra, lan eta ikasi gabe dagoen gazteriaren proportzioa %10ekoa da, Europako batez bestekotik behera dagoen zifra, beraz, gure gazteen hautua, esan bezala argia da, baina asko dugu hobetzeko, %10 gehiegi da Iparraldeko herrien %5 eta %7ko proportzioekin alderatuz.

Formakuntza aukera berriak
Formaziorako eskaintza, ordea, nabarmen aldatu eta aberastu da Euskal unibertsitate sarean, eta formakuntzaz dugun ikuspegia ere bai. Etengabe formatu beharraz jabetu gara, espezializatu beharraz, oinarrizko trebetasunen garrantziaz: taldean lan egiten jakitea, egokitzea…
Eta hau guztia halabeharrez da, besteak beste, gure ekonomian jarduera garrantzitsu asko zaharkituta gelditu direlako, jarduera berriak sortu direlako, mundu mailako merkatuetan saltzeak trebezia osagarriak eskaintzen dituelako…

Lanbide Heziketan eskaintza are zabalagoa da, egun 43.000 ikasle ditu eta iragarria dago 10.000 ikasle gehiago beharko direla hurrengo urtetan jarduera ekonomikoaren beharrei erantzuteko. Halaber, titulazio berriekin batera lan egin eta ikasketak uztartzeko formazio duala indartzen ari da, erabateko erronka dena ikasle, eskola eta enpresentzat.

Jarduera ekonomikoa ezinbestekoa da herri batentzat. Zentzu horretan ongi aztertu behar da zeren beharra dugun, edo nola erantzun behar duen gizarteak arazo konkretuen aurrean. Egungo formazio mailak eragin nabariak izan beharklo lituzke Euskal Herrian, besteak beste, kalitate hobeko enplegua, gizarte kohesio handiagoa, inguru naturalarekiko ardura handiagoa…

Formakuntza eskaintzari ekonomiatik eta gizartetik begiratzeak badu garrantzirik: pertsona formatuak, lanerako bezala gizarterako. Laneratze eraginkorra lortzearekin batera Euskal Herriak herri gisa dituen erronkei behar bezala erantzuteko sistema sozioekonomikoa eratzeko premia bistakoa da.