3.142.982 biztanle Euskal Herrian, horietatik %79,8a hiriguneetan edo bitarteko hiriguneetan

Egunotan biztanleria datu berriak argitaratu dituzte estatistika erakundeek, urtero ohi duten moduan. Azken datuen arabera, Euskal Herriak urtebete lehenago baino 9.860 biztanle gehiago ditu. Horrela, iturri ofizialetako datuen baturak 2017 urtean 3.142.982 biztanle ematen ditu, 2.839.539 Hego Euskal Herrian eta 303.443 Ipar Euskal Herrian.

Herrialde guztiek biztanleria irabazi dute, Zuberoak izan ezik. Aipagarria da Lapurdiko populazioaren hazkunde-tasa handia, non azken urtebetean biztanleria %1,1 hazi den. Joera hau ez da berria, ordea. Milurtekoaren hasieratik etengabekoa izan da eremu honetako hazkundea.

Ipar Euskal Herriko barnealdearen despopulazio joerak mahaigainean jartzen du lurraldearen metropolizazioa, kasu honetan Lapurdiko kostan eta Atturri hirigunearen bueltan gertatzen ari dena. Euskal Herriko herritarren erdia (%50,6) hirigunetan bizi da egun, eta beste ia heren bat (%29,1), bitarteko hirigunetan.

Begirada eskualdeka xehetuz, desoreka nabarmenak ageri dira. 2008 abiapuntu hartuta, zenbait eskualdek biztanleria galera handiko bilakaera izan dute. Galera handiena pairatu duten eskualdeak dira Erronkari-Zaraitzu, Arabako Mendialdea, Salbaterraldea, Zangozerria, Zuberoa, Ebro Garaiko Erribera edo Tafallaldea. Despopulazio joera geldiaraztetik urrun, azken urtean gehientsuenek biztanleria galtzen jarraitu dutela baieztatzen dute datuek. Edonola ere, galera horiek Nafarroa Beherea, Zuberoa, Nafarroa Garaia eta Araban metatzen dira. Gipuzkoa eta Bizkaiak, oro har, biztanle gutxieneko eskualdeetako biztanleria bataz bestekoarekin batera emendatzen ari dira, Lea-Artibai eskualdea izan ezik.

Lurraldearen alderdi funtzionala

Biztanleria datuak herrialdeka edo eskualdeka ikusteak argibide garrantzitsuak eman dizkigu. Besteak beste, non ari den gertatzen hazkunderik handiena (hiriburuen aldirietan). Lurraldea ikuspegi funtzionalez sailkatzeko moduen artean dago urbanizazio mailaren arabera egitea. Europako Batasunak darabilen DEGURBA urbanizazio indizeak lurraldea hirutan banatzen du (hirigunea, bitarteko zonaldea eta landa eremua).

Biztanleria hazkundea sailkapen modu horren arabera irudikatuko bagenu diferentziak agerikoak dira: hiriguneetan Gasteiz, Donostia, Baiona, Irun hazten ari dira, Iruñerriak bere horretan jarraitzen du eta Bilbo biztanleak galtzen ari da. Aldiz bitarteko zonaldea, oro har, indize garrantzitsuenetan gorantz doa, baita landa eremua ere (Zuberoa izan ezik). 2000. urteaz geroztik 107.000 biztanle hartu ditu, hiriguneak 40.000 eskas irabazi dituen bitartean. Landa eremutzat hartzen duen inguruak ere 91.000 biztanle irabazi ditu, baina askoz eremu zabalagoan.