Etxebizitzak garesti daude oraindik ere kostaldean, baina krisia hasi aurretik baino nabarmen merkeago

Hego Euskal Herrian, 2015eko lehen hiruhilekoko datuen arabera, etxebizitzek 2.105 euroko prezioa zuten metro karratuko batez beste. Ipar Euskal Herrirako ez dago datu orokorrik, baina batez ere Lapurdiko kostaldearen bueltan, udalerri askotan 3.000 eurotik gorako prezioak daude metro karratuko. Etxebizitza izateko eskubidearen auzia pil-pilean dago azkenaldian Euskal Herrian, eta zifra horiek oso kontuan izatekoak dira eskubide horrek zer oztopo dituen baloratzeko.

mapa1

Miarritzek ditu Euskal Herriko etxebizitza garestienak, bertan 2015eko lehen hiru hilekoan 4.324 eurotan baitzegoen metro karratua. BAB zonaldea osorik hartuta ere, gure lurraldeko garestiena da. Hego Euskal Herrian Donostia nabarmentzen da, metro karratua ia 3.000 eurotan edukita, eta Getxoko prezioak Bilbokoak baino handiagoak dira (metro karratua 2.663 eurotan dago). Horri lotuta, deigarria da Ezkerraldeko etxebizitzen prezio handia, hango gainbehera ekonomikoa kontuan hartuta: Santurtzin 2.256 eurotan saltzen da metro karratua, eta Portugaleten, 2.036 eurotan. Barnealdeko hiriburuetan, aldiz, etxebizitzak askoz merkeago daude salgai, hasi Gasteiztik (1.909 euro metro karratuko) eta Maule-Lextarrera (1.471 euro metro karratuko).

grafikoa1

Hauek ez dira inondik inora etxebizitzak gurean izan dituen preziorik garestienak. Hego Euskal Herrian prezioak apalagoak dira higiezinen burbuila eztanda egin zuenetik. Ipar Euskal Herrian, ordea, joera egonkorra da eta ez du tamaina horretako gorabeherarik izan. Herrialdeka behatuz gero, Nafarroa Garaian izan da gainbehera handiena: prezioak laurden bat jaitsi dira, batez beste, 2008ko lehen hiruhilekotik gaur egun arte. Beherakada txikiena izan duen Gipuzkoan ere, ia %13ko jaitsiera izan da. Etxebizitza garestienak zituzten tokiek gainbehera txikiagoa nozitu dute (Donostia, Getxo edo Bilbo) eta gainontzekoetan jaitsiera oso nabarmenak izan dira: Tutera (%52,3ko beherakada), Basauri (%46,4), Barakaldo (%42,2), Iruñea (%41,2), Irun (%39,6)…

grafikoa2

Hego Euskal Herrian erregistratutako hipoteka berrien kopuruak, bestalde, jaitsiera oso handia izan zuen 2006ko martxotik 2009ko martxora (%56 gutxiago). 2006 urteko udaberrian sinaturiko hipoteka kopuruak ordurarteko markak hautsi zituen, eta beheranzko joera mantendu du orain gutxira arte. Aldiz, hipoteken bataz besteko pisua 2008ko urte hasieran heldu zen bere maila gorenera. Aintzat izan behar da Hego Euskal Herrian etxebizitzek prezio gorabehera handia izan zutela 2008 urtean zehar, eta, bere puntu gorena urte horren amaieran izanik, gainbehera handia etorri zela ostean.