Enpleguaren prekarizazioa

Hego Euskal Herrian 2008 urteaz geroztik emandako bilakaera medio, Euskal Herriko aktiboen laurden bat langabezian edo prekarietate egoeran bizi da (%25,3). Espainiaren joerari jarraiki, Euskal Herriko langabezi eta prekarietate mailak aise gainditzen du Europar Batasuneko egoera orokorra. Ezaugarri honek talka egiten du gure ekonomiaren ezaugarriekin (maila teknologikoa eta ezagumenduan intentsiboa). Ez dago ehun produktibo aurreratu bat garatzerik prekarietatean bizi diren langileekin.

Euskal Herri osorako datu zehatzik ez bada ere, 2014 urtean azken lau hamarkadetan inoiz ezaguturiko egoera larriena erregistratu zen: biztanleria aktiboaren %26,6 langabezian, azpi-enplegupean edo lana bilatzeko adorerik gabe zegoen, nahiz eta eraginkortasun handiko ekonomia izan.

 

 

Euskal Herrian 115.000 landun lanaldi partzialean ari dira bere borondatearen kontra, lanaldi osoko lana topatu ezinik. Beste 37.400 pertsona, aktibo potentzialak izan arren, lana bilatzeko adorea galdu dute. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) definizioaren arabera langabetu dauden 206.800 pertsonei gehituta, Euskal Herriko lan merkatuak gabezia nabarmenak ditu. Ildo horretan, Euskal Herria Espainiaren joerapean kokatzen da eta Danimarka edo Alemania bezalako erreferenteetatik oso urrun dago. Europar Batasuneko errealitate orokorra ere bestelakoa da.

Azken urteotan langabezia neurtzeko metodologien gaineko eztabaida zabaldu da eta EUROSTATek lan eza neurtzeko elementu gehigarri batzuk proposatu ditu. Horrela, LANEk definituriko ohiko langabeziaz harago, azpi-enplegua (lanaldi partzialean ari diren landunak, bere borondatearen kontra) eta enplegu bilaketan adorea galdu duten aktibo potentzialak aintzat hartzea proposatu du, lan merkatuko ezaugarri berriak aintzat hartu nahian.

Euskal Herriak ez du berezko egitura administratiborik, eta ondorioz, behintzat bi interbentzio politika eta bi errealitate barnebiltzen ditu. Horren erakuslea da Hego Euskal Herrian soldatapekoen %24a aldi baterako kontratupean lanean aritzea, eta Ipar Euskal Herrian, aldiz, %14,7a.