gaindegia's blog

Mugikortasun azpiegituretan buru

Euskal Herriak mugikortasun azpiegitura garrantzitsuak ditu. Europako Batasuneko herrialdeen testuinguruan Euskal Herriko indizeak altuenetarikoak dira bai ibilgailuen dentsitate eta autobide kilometroetan bai eta trenbide sare elektrifikatuetan.

Zerbitzuetarako irisgarritasun desorekatua

Euskal Herriak zerbitzu estaldura zabala du. Honekin batera, bertako biztanleek zerbitzuetarako irisgarritasun geografiko altua dute. Hala ere, haien kokalekuaren ikerketa geografiko sinple batek erakusten digu irisgarritasuna lurralde eremuaren arabera aldatzen dela. Hainbat kasutan aplikatutako eredu territorialek ondorio latzak dituzte.

Lurralde ekintzailea eta ordezkatze demografiko baxua

Egitura demografikoko eta enpresa jarduerako indizeek ekimen maila altuko lurraldea erakusten digute. Hala ere, pare bat ñabardura, batetik landa guneko eskualdeek ekintzailetasun mailarik altuenak dituztenak dira eta bestetik industria guneko eskualdeak (gainontzeko lurraldeetatik kapital kopuru altuagoa jasotzen dutenak) desindustrializazioarekin eta langabeziarekin zigortuen daudenak dira.

Gizarte modernoa kontraesan sakonekin

Euskal Herriko formazio, lan merkatu edo gizarte babesa bezalako adierazle sozialek estandar nahiko altuak dituzte. Bestalde ekonomiari dagozkien adierazleetan (lehiakortasuna, produktibitatea, BPG…), herrialde garatuenen testuinguruan gauden bitartean, ez da gauza bera gertatzen gizarte adierazleekin.

Euskal Herriko demografia mendebaldekoa

Gure demografia Europako beste herrialde batzuen oso antzekoa da. Hala eta guztiz ere, kontraste handiko lurraldea osatzen dugu kontzentrazio altuko eremuak eta etorkizun zalantzakorra duten eta huste bidean dauden eremuak elkarrekin bizi baitira. Alta, guztia ez da ezkorra, lurralde eremu hauetako zenbaitek egonkortze demografikorako joera positiboa baitakarte.