Skip to main content

Gain-zahartze handia despopulaturiko geografian

Euskal Herrian 347.500 herritarrek 75 urtetik gorako adina dute, edo beste era batera esanda, euskal herritarren %11ak adin hori dauka. Modu batean zein bestean, Euskal Herrian inoiz ezagutu den kopuru handiena da. Mendebaldeko lurraldeetako egitura demografikoen ezaugarria izan ohi da eta Euskal Herriaren pareko gain-zahartzea du Portugalek (%10,6), Greziak (%11,2), Alemaniak (%11,4) edo Italiak (%11,7).

Euskal geografian gain-zahartzearen fenomenoak adierazpen desberdinak ditu: herritarren gain-zahartzea zertxobait handiagoa da hirigunean (%11,3) landa eremuan (%10,5) baino. Izan ere, 60 eta 70. hamarkadetako hazkunde demografikoaren belaunaldiek hirigunetan, industria eremuetatik gertu, kokatzeko joera izan zuten eta azken urteotan askok adin horretara iritsi dira. Bestalde, hirigunean zerbitzuen eskuragarritasuna handiagoa izateak ere badu erakartze gaitasun esanguratsua eremu batzuetako adinekoen artean.

Gain-zahartzea hiriguneetan gainontzeko eremuetan baino presenteago egonik ere, Euskal Herrian badira 75 urtetik gorako biztanleria proportzio handia duten landa izaerako eremuak. Eskualde mailan, adibidez, azpimarratzekoa da Nafarroako Piriniotako (%18,4), Xiberoko (%16,4), Zangozaldeko (%14,9) eta Arabako Mendialdeako (%14,1) gain-zahartzea. Eskualde hauek amankomunean dute 1950eko hamarkadatik aurrera despopulazio joera eta gertuko zerbitzuen eta enplegu eskaintza mugatua.

Hain zuzen ere, eskualde hauetan tamaina txikiko udalerrien presentzia handia denez, udalerri askok egitura demografiko izugarriak dituzte. Euskal Herrian 147 udalerrik (udalerrien %21ak) %15eko gain-zahartze maila gainditzen du. Horien artean, azpimarratzekoa da muturreko gain-zahartzea (%25tik gorakoa) nozitzen duten hogeita hiru udalerrien egoera. Horietatik, hamabik Jurramendi eskualdean dute kokalekua: Piedramillera, Azuelo, Armañantzas edo Cabredo buru. Zangozaldean ere herrien iraunkortasuna kolokan jartzen duen gain-zahartze mailak metatzen dira, batez ere, Xabier, Gazteluberri, Leatxe edo Lerga bezalako udalerritan. Nafarroako Pirinioan Gorzak edo Xiberoan Atharratze-Sorholüzek pareko errealitatea barne biltzen dute.