Bataz besteko errenta desorekatua hiriburuetan

Europan bi adierazle nagusi erabili ohi dira familia baten bizi kondizioak neurtzeko. Batetik, pobrezia arrisku tasa: indize honek herrialde batean diru sarrera txikienak dituzten familiak alderatzen ditu herrialde horretako bertako familien batez bestekoarekin. Bestetik, gabezia material larria: ondasun zehatz batzuk (etxebizitza, berogailua, haragia, autoa) ordaintzeko ahalmenik ez duten pertsonen portzentajea da. Horiek kontuan hartuta, Euskal Herrian pobrezia arrisku tasa 10,9koa zen 2014an, eta gabezia materiala, 4 puntukoa.

Euskal Herriko pobrezia arrisku tasa Europako txikienetakoa da, zifra gordinari begiratzen badiogu. Baina kontuan izan behar da irizpideak ez daudela bateratuta, eta gutxieneko soldata altuagoa duten herrialdeetan langa zorrotzagoa dela. Dena dela, Euskal Herrian bi adierazleok okerrera egin dute krisi urteotan: 0,99 eta 1,19 puntu, hurrenez hurren. Europako beste herrialde batzuetan ere, Suedian, Frantzian eta Alemanian kasu, gora egin du pobrezia arriskuak, baina ez gabezia material larrien indizeak, estatu horietan babes politikek oinarrizko berme batzuk ematen baitituzte.  

Gabezia materialekin jarraituz, Hego Euskal Herrirako eskuragarri dauden datuei dagokienez, familien laurdenak ez du urtean astebetez oporretara joateko ahalmenik; duela sei urte baino zazpi puntu handiagoa da zifra hori. Era berean, nabarmen hazi dira ezusteko gastuei aurre egiteko, etxebizitza eta gasa ordaintzeko eta autoa erosi eta mantentzeko arazoak dituzten pertsonen portzentajea. Laburbilduz, oro har, jendeak badu ahalmena oinarrizko beharrizanak asebetetzeko (haragia edo arraina erosteko ahalmenean ez da aldaketarik izan), baina koska bat goraxeago bizitzea gero eta zailagoa egiten zaio. 

OECD erakundeak berriki argitaratutako txosten baten arabera, munduan, klase ertaina desagertzen ari da: pobreak gero eta pobreagoak dira eta aberatsak gero eta aberatsagoak. Ideia hori Euskal Herrira ekarrita, gure bost hiriburu nagusietako auzoei erreparatuta antzematen da hori. Gasteizen, Bilbon, Donostian zein Baionan, errenta handieneko eta txikieneko auzoak alderatuz gero, aberatsenek bikoiztu eta kasu batzuetan ia hirukoiztu (Gasteiz) egiten dituzte pobreenen diru sarrerak. Gainera, biztanleria dentsitatea askoz ere urriagoa da lehenengoetan bigarrenetan baino, diruaz gain, bizi kalitatean eragiten duten beste faktoreak ere alde dituztela erakutsiz.

Egiari zor, auzo aberats horietan, errenta erabilgarria txiroenetan baino gehiago murriztu da krisi urte hauetan (Gasteizko Mendizorrotzan %20, Bilboko Abandon %13…); Euskal Herriari dagokionean, behintzat. Baina oso kontuan izan behar da errenta galtzeko askoz ere marjina handiagoa dutela horietan, eta gainera, datuok ez dituztela kontuan hartzen higiezinetan eta bestelakoetan dituzten inbertsioak.