Bi pentsio sistema: bi errealitate

Finantza krisiaren ondorioek ekarri duten kezketako bat egungo pentsio sistemaren iraunkortasunarena izan da: erretiroa hartzen dutenen hazkundeak eta lanean daudenen murrizteak likidezia falta sorrarazi du, eta horrek berekin ekarri du erretiratzen direnetariko asko pobreziaren atalasaren azpian kokatzea. Egoera honek pentsio sistemaren finantzazioa aldatu beharrari buruzko eztabaida jarri du mahai gainean, baina baita eskumen hori euskal instituzioek bereganatzeko premiarena ere, are gehiago gure zahartze indize handiak erantzun propioa behar duelako. Ez da ahaztu behar, halaber, egungo adineko euskal biztanleriak aurreko hamarkadetan pentsio sistemari ekarpen ekonomiko handia egin diola, estatuak bere beharren arabera baliatu duena iturria agortu zaion arte.

Pentsio sistemaren finantziazioa bolo-bolo dabil dagoeneko. Euskal Herriak, orotara, 464.000 erretiratu inguru ditu, eta Hego EHn (Espainian bezala), kalitate eskaseko enpleguaz nekez finantzatu ahal izango dira pentsioak zerga-bilketa mugatuagoa delako. Iparraldean, ordea, Frantzian lanean aritutako erretiratu asko Ipar EHra jotzen dute lana utzi eta gero. Hori horrela, egoera honek asko zailtzen du Euskal Herri osorako balizko pentsio sistema bakarraren bideragarritasuna aztertzea. Hego Euskal Herrian, bizi den egoera sozial prekarioa eta etorkizunarekiko zalantzak medio, beharrezko gertatzen da aukera hori gauzatzea.

Hurrengo atalean Hego eta Ipar Euskal Herriko pobrezia atalase desberdinak aipagai izango dira. Europar Batasunak biztanleriaren pobrezia atalaseak definitzeko diru-sarreren mediana irizpide gisa aintzat hartzen du. Zentzu horretan, Euskal Herria bi estatuetan banatuta, Ipar Euskal Herrian mileurista bat pobrezia atalasearen azpitik dago, baina ez Hego Euskal Herrian. Pentsioekin ere hauxe gertatzen da. Paradoxa hauek eta beste asko ditu Euskal Herriak bere baitan.

Azken urteetan Hego Euskal Herriko pentsioen igoerarako irizpideak aldatu egin dira, eta horrela, KPIari jarraitzen ez dioten igoera minimoak aplikatzen ditu Madrilgo gobernuak. Goiko grafikoan ageri bezala, 2013 urteaz geroztik Hego EHn ez da bizitzaren garestitzea handitu (KPI), bai ordea, oso ohikoak diren hainbat produktu eta hornikuntza (argindarra). Azken gertaera hau medio, Hego Euskal Herrian familien oinarrizko gastuen %35 ura eta energiari lotutako gastuetan doa eta Ipar Euskal Herrian %15,7.

Aurreikustekoa da hurrengo urtetan gainerako produktuen egonkortasuna aldatzea eta horrek pentsionisten erosteko ahalmena are gehiago kaltetuko du, urteetan galdutako ahalmenaren eraginez. Egun, Hego EH erretiratutako 125.000 pentsionista daude pobrezia atalasearen azpitik, eta alarguntasun egoeran, beste 79.700 (emakumeak, ia denak). Zurztasun eta laguntza familiarreko pentsioak dira, hala ere, pobrezia arrisku handienaren iturburu.