Berrikuntza posizionamendua apaltzen europako testuinguruan

Europako beste herrialdeekin alderatuta, ikerketa eta berrikuntza arloetan posizio ona gorde izan du Euskal Herriak, Euskadiko Autonomia Erkidegoak batez ere. Azken datuek adierazten dute, ordea, beherakada bat egon dela EAE eta Nafarroako ahalegin ekonomikoan, bereziki nabarmena izanik azken horren kasuan. Apaltze hau mundu mailako aldaketa ekonomikoen erdian gertatu izanak eragin nabarmena izaten ari da sistema produktiboaren alderdi guztietan (gutxien inbertitu dutenek enplegu gutxiago sortu dute, enpresa gehiago galdu dute…).

Berrikuntza, Europako Berrikuntza Adierazleen Panelaren arabera (EIS). Euskal Herria eta Europa, 2016

 

Europako Berrikuntza Adierazleen Panelaren (EIS) helburua Europako berrikuntzaren analisi konparatiboa egitea da, hala nola lurralde bakoitzaren ikerkuntza eta berrikuntza sistemen indar eta ahuleziak ezagutzea. Xede horrekin, hainbat dira aintzat hartzen diren aldagaiak: herritarren goi-formazioa, sektore publiko eta pribatuen I+Gko gastua edo berrikuntza prozesuak produktuetan nahiz antolakuntzan, besteak beste.

 

EAE berrikuntza indartsua duten erregioen artean dago, baina panelaren azken bi urteetan, berrikuntza ahuldu egin da (-%6). Ondokoak dira EAEko indarguneak: herritarren goi-formazioa, elkarlanean berrikuntzan diren enpresa txiki-ertainak edo ezagutza intentsiboko enplegua. Ahuluneak, aldiz, enpresen I+Gko gastua, I+Gko gastu publikoa eta I+Garekin zerikusia ez duen berrikuntza.

Nafarroa Garaia berrikuntza neurritsua duten erregioen artean da eta azken biurtekoan jaitsiera handia nozitu du (-%22). Bere indarguneak herritarren formazioa edo ezagutza intentsiboko industriako enpleguan daude. Ahuluneak, ordea, I+G gastua, antolakuntzari loturiko berrikuntza edo I+Garekin zerikusia ez duen berrikuntza.