Lan istripuak behera azken 25 urteotan, lanerako joan-etorrietan gora

2014an, baja eragin zuten 29.226 lan istripu erregistratu ziren hego Euskal Herrian, 2.609 istripu 100.000 langileko. Ipar Euskal Herriko datu berrienak 2010ekoak dira, eta milioi bat lanorduko 26 eta 28 istripu artean izan zirela diote. Tamalez ez dago Euskal Herrirako datu bateraturik ematerik, hego Euskal Herrian lanorduen arabera egindako kalkuluek ez baitute lehen sektorea kontuan hartzen.

Lan istripuen zifrak asko jaitsi dira azken urteotan, eta ez krisi urteotako landunen kopuruaren gainbeherarengatik soilik: industriaren modernizazioak eta zerbitzuen sektorearen hazkundeak ere izan dute zerikusirik horretan. Albiste onak dira berez, baina xehetasunak ondo aztertu behar dira.

Kopuru gordinetan, erregistratutako lan istripuak %38 murriztu dira 1988tik hona, eta heriotzak are gehiago: %72. Gainera, zifra erlatiboak aztertuta (istripuak 100.000 landuneko), lan istripuen jaitsiera are handiagoa izan da azken 25 urteotan: %55 gutxitu dira. Kontra, in itinere edo lanerako joan-etorrian izandako istripuak %43 hazi dira, eta lan istripu guztien %12,3a osatzen dute orain.  

Herrialdeka gorabeherak dauden arren, lurralde guztietan murriztu dira nabarmen lan istripuak 1988tik hona, Gipuzkoako %59,3ko beherakadatik Arabako %50,8ra. Gaur egun, hego Euskal Herrian, Araban izaten da lan istripu gehien (2013an, 3.453 istripu 100.000 langileko), eta Nafarroa Garaian gutxien (2.877 istripu).

Sektoreen arabera, hego Euskal Herrian, lan istripuen %48a zerbitzuetan gertatu zen. Zifra hau erlatiboki txikia da, gaur egungo langileen gehiengo oso handi batek sektore honetan lan egiten duela kontuan hartuta. Hori horrela, datuak proportzionalki aztertuz gero, lehen sektorean izaten da lan istripu gehien gaur egun: 7.642 ezbehar 100.000 landuneko. Segidan datoz eraikuntza, beherantzako industria, eta azkenik, alde handiz, zerbitzuak, 100.000 landuneko 2.203 lan istripu izan baitira azken honetan.

 

Industriaren modernizazioa dela eta, nabarmen murriztu dira lan istripuak sektore honetan, eta batez ere, lan istripu larriak. Dena dela, lan gaixotasunek sektore honetan duten inpaktua oso nabarmena da: EUSTATen 2013ko datuen arabera, 10 lan gaixotasunetik 6 industrian gertatu zen EAEn. Oso kontuz jarraitu beharrekoa izango da, adibidez, amiantoaren auzia: honen ondorioak datozen urteotan ikusiko dira nabarmen.