Gazte gutxi dago lanean, asko lanaldi partzialarekin

grafikoa

Gazte gutxi dago lanean, eta gehiegi lanaldi partzialean

Gaindegiak ‘Formakuntza Euskal Herrian’ izeneko txostena argitaratu du berriki, eta Euskal Herrian goi mailako ikasketak dituztenen proportzioa Europako handienetakoa dela azaltzen da bertan. Unibertsitateko edo lanbide heziketako bigarren zikloko titulazioa izanik, berez, errazagoa da lana aurkitzea, baina zentzu horretan, gure datuak oso txarrak dira, erreferente ditugun estatu eta erregioekin alderatuz gero.

Hasteko, aukera eskasia ikusita Euskal Herriko gazteek luzatu egin dute ikastaldia. Ondorioz, 15-24 urte arteko jarduera-tasa %29,4koa da. Adibide batzuk ematearren, Eskozian adin horretako biztanleriaren %60a dago aktibo, Danimarkan %61a, eta Alemanian %50a. Eta gurean lan merkatuan gazte gutxi badago ere, langabezia-tasa handia da oso: 15-24 urte artekoen %43,3ak ez du aurkitzen enplegurik, eta %20,9ak, 25 eta 34 urte artekoei dagokienez. Erreferentziazko lurraldeen artean Kataluniak baino ez ditu datu okerragoak.

Gazteen enpleguaren bilakaera oso gorabeheratsua izan da krisialdi honen urteetan, baina landunek oro har (adin-tarte guztiak, alegia) izandakoa baino nabarmen kaskarragoa, betiere. Dena dela, desberdintasun handiak daude hego eta ipar Euskal Herriko landun gazteak alderatuz gero: 20 eta 24 urte arteko adin-tartean, adibidez, ipar euskal herritarren artean %57,5ekoa da enplegu-tasa, hego euskal herritarren artean %28,7koa den bitartean.

grafikoa Horrenbestez, hego Euskal Herrian bereziki, lan eskasia dago gazteen artean, eta gainera, dagoen lana prekarioa da oro har. Esaterako, 15 eta 34 urte arteko landunen %22,6ak du lanaldi partziala, adin guztietako euskal herritarrak kontuan hartuz gero egun osoko enpleguan ari ez direnak %16,4 diren bitartean. Horrek berebiziko inpaktua du gazteon soldatan, bai eta haien bizimoduaren egonkortasun faltan ere.

Euskal Herrian, oro har, landun guztien %70a ari da zerbitzuen sektorean, eta %17,4a industrian. Bigarren zifra honek beheranzko joera du, ordea, eta are gehiago gazteenen artean. Azken krisi honek gogor jipoitu du bigarren sektorea, baina aurreikusita dago hurrengo hilabetetan hazkundea izango duela pixkanaka. Ikusteke dago horrek gazteen enplegu-tasa hobetuko duen, bai eta kontratazioa nolakoa izango den ere.