Euskal herritar gutxiago 2013tik 2014ra

grafikoaINEk eta INSEEk eguneratu berri dituzte 2014ko biztanleria datuak. Horietatik abiatuta, Euskal Herriak 3.124.259 biztanle dituela kalkulatu du Gaindegiak. Aurreikusita bazegoen ere, azken 15 urteotan lehenbizikoz, euskal herritarrak galdu ditugu: 3.735 lagun zehazki, 2013tik 2014ra. Berez, Nafarroa Garaian, Bizkaian eta Zuberoan jaitsi da biztanleria; gutxi bada ere, gainontzeko herrialdeetan bilakaerak goranzkoa izaten jarraitzen du.

Euskal Herriaren azken urteotako bilakaerak bat egiten du, gutxi gorabehera, Europar Batasuneko batez bestekoarekin: azken urtean biztanleria 0,12 puntu jaitsi bada ere, gurean 2,11 puntu igo da, oro har, 2008an krisia hasi zenetik. Europar Batasunean 1,4 hazi da herritar kopurua azken sei urteotan, baina desberdintasun handiak daude lurralde batzuetatik besteetara. Europako ekialdeko estatu guztiek (bereziki deigarria Letoniaren kasua) eta krisiaren alde gorriena bizitzen ari diren zenbaitzuek (Grezia, Portugal) galdu dute biztanleria.

Beste aldean kokatzen dira Beneluxeko estatuak, Eskandinaviakoak eta beste zenbait ere: batzuek etorkin asko hartu dituztelako (Luxenburgo, Danimarka) eta beste batzuek jaiotzak sustatzeko politikak aktibatu dituztelako (Frantzia, Austria). Bereziki deigarria da Alemaniaren kasua: 2008tik biztanleria galdu du, baina 2012tik hazten ari da etorkinei esker. Maila apalagoan, baina Euskal Herria Luxenburgo eta Danimarkaren gisakoen zerrendan kokatzen da ere: hazkundea kanpotik etorri da, ugalkortasun tasa txikienetakoa duen lurraldea baita gurea, nahiz eta barne desberdintasun handiak egon herrialde batetik bestera. Esaterako, Nafarroa Beherean ama izateko adinean dauden mila emakumeko 51,4 jaiotza egon dira, Bizkaian, aldiz, 37,7.

grafikoa2mapa

 

Lurraldearen gaineko barne desorekei dagokionez, Euskal Herriko eskualdeen biztanleriaren bilakaeran alde handiak daude. Esaterako, Nafarroa Garaiko periferiako eta Zuberoako zenbait zonalde aspaldi hasi ziren herritarrak galtzen, bai eta garai batean jende ugari erakartzen zuen Bilbo Handia ere. Hala ere, beheranzko joera orokortzen ari da eskualdetan: 2002-2008 tartean, zazpi baino ez ziren biztanleria galtzen ari zirenak, eta 2008-14 tartean hamasei izan dira.

Audioa: Biztanleriaren bilakaeraren analisia