Krisi garaian parekatu egin dira gizon eta emakume landunen kopuruak, baina ez lan baldintzak

Euskal Herrian, gizon eta emakume landunen arteko soldatan 7.688 euroko aldea dago urtean, batez beste. Kontratazioei eta lanpostuei begiratzea komeni da, desberdintasun handi hori nondik datorren ulertzeko.grafikoa 1

2014ko datu ofizialen arabera, Euskal Herrian 1.247.500 landun zeuden guztira: %53 ziren gizonak, eta %47 emakumeak. Proportzioa inoiz baino parekatuagoa da gaur egun, krisi garaian zifrak berdindu direlako: 2007an 200.000 gizon landun gehiago zegoen emakumeak baino, eta 2014an, aldea 78.000 landunekoa baino ez da. Hala ere, gizonen enplegua nabarmen jaitsi delako izan da bilakaera hori, eta ez emakumeena igo delako.

Emakumeek hobeto eutsi diote enpleguari urteotan, baina kontuan izan behar da, aldi berean, lanaren prekarietatea asko handitu dela 2007az geroztik, eta emakumeen lan baldintzak kaskarragoak dira, oro har. Gainera, emakumeen langabezia erregistratua gizonena baino handiagoa da: portzentajeak parekatuta egon dira krisiaren zenbait unetan, baina orain, enplegua berreskuratzen hasi garen unean, gizonak azkarrago ateratzen ari dira langabeziatik emakumeak baino.

 

Lan baldintzak

Lan baldintzei dagokienez, emakume landunen %24 ari da aldi baterako kontratuarekin, gizonen artean portzentajea %18koa den bitartean. Gorabehera handiagoa da partzialtasunari begiratzen badiogu: bost kontratu partzialetik lau emakumeek betetzen dituzte Euskal Herrian.

grafikoa 2Europako testuinguruan jarrita, datua erreferentziazko zenbait estaturen parekoa da; Austria, Alemania eta Frantzia, kasu. Gizarte politikak desberdinak dira, ordea: herrialde horietako askotan, duintasun ekonomikoari eusteko bermeak dituzte, lanaldi partziala edukita ere. Euskal Herrian, eta Hego Euskal Herrian batez ere, ez da halakorik gertatzen.

Lanpostu motak ere badu zerikusia gizon eta emakume landunen arteko gorabeheretan. Izan ere, ondoen ordaindutako enplegu askotan, gizonak dira nagusi. Esaterako, Euskal Herriko zuzendaritza eta kudeaketa postuen herena baino ez dute emakumeek hartzen, eta orain arte gurean lan baldintza duinagoak izan dituen manufakturaren industrian, emakumeak %15 baino ez dira. Kontrara, gaizkien ordaindutako zerbitzuen alorreko lanpostuetan jaun eta jabe dira: osasun zerbitzuetan, merkataritzan, jatetxeetan…