Lau eta bost laguneko bizikidetza-unitateak urritzen ari dira, eta bakarrik bizi direnen kopurua ugaritzen

mapa Familien egitura asko aldatu da azken hamarkadotan, eta batez ere azken urteotan. Euskal Herri osorako dauden datu berrienen arabera (2011), batez beste 2,4 lagun bizi dira gurean etxe bakoitzean. 2001ean 2,8 ziren. XIX. mendean batez beste 4,9 lagun bizi ziren Hego Euskal Herriko etxebizitza bakoitzean, eta zifra erdira jaitsi da horrenbestez, batez ere 60ko hamarkadatik aurrera gizarteak izan dituen eraldaketei lotuta.

Datuok sakonago aztertuta, eskualdeka desberdintasun nabarmenak daudela ageri da. Batez beste etxebizitza bakoitzean bizi den pertsona kopurua txikiagoa da zahartze-tasa handia dagoen zonaldeetan; esaterako, Lapurdiko kostaldean, Pirinioetan eta Gasteiztik hegoaldera dauden Arabako lurralde batzuetan. Handiagoa, aldiz, familia gazteak erakarri dituzten eskualde batzuetan zein familiak tradizionalki pisu handia izaten jarraitzen duen lurralde zenbaitetan.

Esaterako, Nafarroa Garaiko Baztanaldean, Ultzamaldean eta Bidasoa Garaian 2,70 lagun baino gehiago bizi dira etxebizitza bakoitzean batez beste, eta udalerrika, Iruñerriko Zizurren eta Arangurenen 3 baino gehiago dira. Kontra, Salbaterraldean eta Euskal Kostaldea-Aturri hirigunean bi baino gutxiago dira. Udalerrika, bereziki txikia da Miarritzeko batez bestekoa: 1,75 lagun baino ez etxebizitza bakoitzean. 

Batez bestekoak alde batera utzita, lau laguneko familiak dira arruntenak Euskal Herrian: etxebizitza guztien %27,5ean horixe da zifra. Hala ere, lau eta bost laguneko etxebizitzen proportzioa txikitu egin da 2001a eta 2011 bitartean; eta bat, bi eta hiru lagunekoa, aldiz, handitu. Honetan zerikusia duen datu aipagarri bat guraso bakarreko familien proportzioa da, izan ere, igoera izugarria izan dute hamar urteren buruan: 2001etik 2011ra %119,3 hazi dira familia mota horiek.

grafikoa grafikoa

Bestalde, Hego Euskal Herrirako egindako proiekzioen arabera, 2029rako heren bat handituko da pertsona bakarreko etxebizitzen proportzioa: 300.000 pasatxo dira orain, eta ia 400.000 lirateke hamabost urte barru. Ez da joera harrigarria, batez ere Europari begiratzen badiogu. Euskal Herrian, gaur egun, pertsona bakarraren bizileku diren etxebizitzen proportzioa %10,8koa da, baina EBko batez bestekoa ia heren batekoa da. Danimarkan eta Alemanian %40tik gorakoa da portzentajea, adibidez.

Euskal Herriari dagokionean, zahartze-tasaren hazkundeak ekarriko du bilakaera handiena pertsona bakarreko etxebizitzen hazkundeari dagokionez. Gaur egungo datuek ere erakusten dute hori: 60 urtetik gorako adin-tarteetan pilatzen dira bakarrik bizi direnen portzentaje handienak. 75-79 urteko adin-tartean daudenen %23,1 bizi da bakarrik, eta 80 urtetik gorakoen %30,7.