Alde zaharren degradazioa

Azken urteko joera urbanistiko eta aisialdikoek hiriburuetako alde zaharren egoera baldintzatu dute. Hiri inguruan eraiki dituzten auzo berriek, esaterako, alde zaharreko belaunaldi gazteak erakarri dituzte eta horrek alde zaharretan problematika demografikoak eta eraikinen mantenuarekin loturikoak sortu ditu. Hiriburuetako alde zaharren aldaketa horiek nolakoak izaten ari diren ikusteko eta haien egoera ulertzeko  zenbait aldagai aurkezten dira jarraian.

Husten doaz alde zaharrak

Hiri gehienek biztanleria galerarik izan ez badute ere (edo galera esanguratsurik ez), hauen alde zaharretako biztanleria kopuruak behera egin du. Fenomeno hau, esaterako, Gasteiz eta Iruñean antzeman daiteke nabarmen. Bada ordea kontrako joerarik izan duen hiribururik ere, Bilbok esaterako, biztanleria gehien galdu duen hiriburua izanik ere, bere alde zaharrak biztanleria irabazi baitu.

alde-zaharren-degradazioa-biztanleria

Zahartze tasa: gazteen nagusitasuna

Datuen argitan azpimarragarria da, orokorrean, alde zaharreko zahartze tasak hiriko balioen azpitik kokatzen direla ikustea. Horrek adierazten du gazteen presentzia handiagoa dela halako guneetan, behar bada errenta baxuko familia gazteek bertara jo dutelako bizitzera. Bestelakoa da, ordea, Donostiako alde zaharraren egoera, adineko pertsonen presentzia hiriko zahartze tasa baina altuagoa dela ikus baitaiteke.

alde-zaharren-degradazioa-zahartze-tasa

Haurren presentzia

Hirietako eta alde zaharretako haurren presentziaren alderaketak ageriko egiten du alde zaharrak hiriek baino haur kopuru txikiagoak izan ohi dituztela. Gasteiz, Donostia eta Iruñea dira zifra horietan alde handiena duten hiriak. Bilbo, aldiz, salbuespena da, bertako alde zaharreko haur kopuruak hirikoa gainditzen baitu.

alde-zaharren-degradazioa-haurren-presentzia

 

Zahartze indizea

Haur eta adinekoen arteko proportzioari begiratzen bazaio, datuek ageriko egiten dute Gasteiz eta Donostiako alde zaharrak direla zahartze indizerik altuena erakusten dutenak, hiriko zahartze tasa nabarmenki gaindituz, gainera. Bilbo eta Baionako alde zaharrak dira, ordea, indize baxuena erakusten dutenak.

zahartze-indizea

Europatik kanpoko biztanleriaren presentzia nabarmena

Datuek erakusten dute alde zaharrek biltzen dituzten pertsonak kanpoan jaiotakoak direla nagusiki. Hiriko kopuru orokorrekin alderatuta, Donostia eta Gasteizen antzematen dira diferentzia adierazgarrienak.

alde-zaharren-degradazioa-europatik-kanpokoak

Ikasketarik gabeko biztanleriaren presentzia

Ikasketarik gabeko biztanleria kopuruari dagokionez, ikus daiteke Bilbo eta Donostiako alde zaharretan ikasketarik gabeko pertsonen presentzia hirikoa baino txikiagoa dela. Kontuan izan behar da ikasketa maila lotua doakiola biztanleriak duen perfil sozioekonomikoari. Hori horrela, uler daiteke Bilbo eta Donostiako biztanleek perfil sozioekonomiko altuagoa izatea. Bestetik, Gasteizko alde zaharra da hiriarekin alderatuz ikasketarik gabeko pertsona gehien biltzen dituen hiriburua.

ikasketarik-gabekoak

Erabilera iraunkorrik ez duten etxebizitzen presentzia

Baionako kasua kenduta, esan daiteke alde zaharrak azpi erabiliak daudela. Izan ere,  alde zaharretako erabilera iraunkorrik gabeko etxeak hirietakoak baino proportzio handiagoa dute. Egoera hau kaltegarria izan daiteke epe ertain-luzean, erabiltzen ez diren etxeek balioa galdu eta hondatzeko bidea har dezaketelako, horrekin auzoaren baldintzak kaskartzea eraginez.

alde-zaharren-degradazioa-etxebizitza-erabilera

Erronkak, gaurtik bihar

Hiri bakoitzak bere historia soziodemografikoa du eta hori islatu egiten da alde zaharretan. Alde zaharrak, ordea, tentsio handien mende daude eta horrek aldaketa prozesuak eragiten dituzte: batzuetan degradazio prozesuak  eta besteetan gentrifikazio prozesu gisa islatzen direnak.

Edonola ere, metabolismo demografiko desegokiak (biztanle galera …) auzitan jartzen du auzo haien etorkizuna. Ez bakarrik biztanleak galtzeko arriskuagatik, baizik eta baita auzoaren funtzioak aldatzeko aukera ematen duelako eta bizilekuak edo eraikinen zaintza deskuidatzekoa.

Euskal udalerriak bilakaera jasangarria izan dezaten, ezinbestekoa izango da iraunkortasun paradigmak eraikitzea, besteak beste, metabolismo demografikoa eta kohesio soziala bermatzeko balio dutenak, esaterako etxebizitza politika publiko indartsuagoen bidez edo gentrifikazio prozesuak mugatuz.