Aldaketa makroekonomikoak

2008ko krisiak ekarritako finantza kolpeak mundu mailan herrialde askoren BGPren bat bateko beherakada eragin zuen. Orduz geroztik, herrialdeak errekuperatzen dabiltza, eta pixkanaka bada ere, Euskal Herria 2008ko BGP zifretara hurbiltzen ari da, nahiz eta ez den lehengo bera egungo BPGaren egitura.

 

2008az geroztik BPGaren bilakaerak bi abiadura ditu krisi aroko Europan. Batetik, abiadura motela dutenak daude: horien artean dira Euskal Herria, Espainia, Katalunia, Grezia edo Portugal. Bestaldetik, abiadura bizkorra dutenak, artean Erresuma Batua, Suedia, Irlanda edo Alemania.

Euskal Herriak laster 2008. urteko BPG bolumena berreskuratzea espero da, baina Erresuma Batua Batasuna uzteak bi abiaduren Europa areagotu dezakeela ohartarazi dute zenbait adituk. Bien bitartean, Euskal Herria 2008-2014 aroan per capitako BPGan erregioen rankingean 83. postutik 120.ra igaro da. Oso esanguratsua (eta kezkagarria) edonondik begiratuta ere.

Enpleguan edo I+Grako gastuaren bilakaeran ere aipaturiko Europako barne heterogenotasuna marrazten da. Euskal Herriko enplegu bolumena eta I+Gra bideratutako gastuaren bilakaera urrun da Alemaniako errealitatetik, eta horren ordez Espainiaren bidea darama, abiadura moteleko Europarena.

Zailtasun makroekonomiko horien testuinguruan, soldatapekoen ordainsariek gero eta pisu txikiagoa dute BPGaren gainean. Krisi hasierako gorakadaren ondoren, Madrilgo lan erreformen ondorioz etorritako jaitsiera nabarmena da, bereziki 2012tik:  Ipar EHn gutxieneko soldata 1.467€koa da, eta Hego EHn 764€koa (2016).