Enpresa demografiaren bilakaera (2008-2016)

2008ko udan hasi ginen mundu mailako  finantza krisi baten hotsak entzuten. 2009 urtea amaitzerako entitate finantzarioen egoera larria agerikoa zen eta bankuak laguntzeko baliabide ekonomikoak bideratzen hasi ziren entitate publikoak.

Horren segidan etorri ziren hainbat ondorio, besteak beste, enpresek finantzaziorik eskuratu ezina lehengaiak erosteko, soldatak ordaintzeko edo inbertsioak egiteko. Hortik, enpresen insolbentzia egoerak, hamaika LEE (ERE), enpresen itxierak eta kaleratzeak. Euskal Herriko ehun produktiboak hamarkadetan ezagututako gainbehera larriena gure begien aurrean gertatu da.

Horrekin batera, BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hego Afrika) delako lurraldeen  indartze produktiboa, petrolioaren merketzea, interes finantzarioen amiltzea eta beste hamaika prozesu  bizi izan ditugu. Esan daiteke euskal enpresei egun batetik bestera ingurua nabarmen aldatu zaiela, besteak beste, Espainiako Estatuaren baitako merkatua. Zailtasun horien ondoan, ordea, hainbat enpresek jakin dute bide berriak urratzen eta beste asko bidean gelditu dira.

Merezi du aztertzeak zer gertatu den enpresa demografiari dagokionez 2008-2016 aldian.

40.000 establezimendu gutxiago

Hego Euskal Herriak eta Ipar Euskal Herriak joera antagonikoak izan dituzte. Hegoaldeak, Espainiako estatuaren gainbehera ekonomikoari kateaturik ezin izan dio hainbat jarduerari eutsi eta enpresa galera nabarmena nozitu du.  Ipar Euskal Herriak, aldiz, zailtasunak bizi arren, Frantziako Errepublikak jokatu duen politika ekonomikoaren baitan, establezimendu kopurua emendatzea lortu du.

Gauzak horrela 2011tik 2015era bitartean Hego Euskal Herriak 10.658 enpresa galdu zuen eta Ipar Euskal Herriak 4.349 irabazi (ia denak Lapurdin, Euskal Kosta-Atturri eta Hego Lapurdi elkargoetan).

Hau da, 2011-2015 aldian orotara Euskal Herrian enpresa kopurua %2,5 jaitsi zen. Hau da, Hego Euskal Herrian %4,6 jaitsi eta Ipar Euskal Herrian %21 igo.

Alderaketa 2008 eta 2016 artean egingo bagenu, ordea, Hego Euskal Herriko galera are handiagoa dela ikusiko genuke. Besteak beste, Hegoaldeak enpresa kopuruaren %15,4 galdu du aldi honetan, ia 40.000 establezimendu.

Bilakaeraren geografia

Aipamen garrantzitsu bat egin behar da: galerak geografia argia du. Galerarik handienak (%20 inguru) maila teknologiko apaleko industria osagarria duten eskualdeetan gertatu da (Ebro Garaiko Erribera, Lizarraldea, Bidasoa Beherea, Tuteraldea, Iruñerria),  eta, segidan, enpresen inguruko zerbitzu enpresak dituzten eskualdeetan (Bilbo Handia eta Donostialdea). Nabarmena da, Nafarroa Garaiko eskualdeetan bizitako galera Euskadiko Autonomia Erkidegoko eskualde gehienetan baino handiagoa izan dela. Horrek ere zerbait adierazten du sustatutako industria motaren inguruan.

Establezimendu kopuruaren bilakaera

Langile gutxiko establezimenduak galdu dira gehien, baina handiagoak ere bai

Galdu diren enpresa gehienak 10 langiletik beherakoak ziren. Galdutakoen erdia (20.000 establezimendu), aldiz, 1-2 langilekoak. Beraz, zenbat eta ehun atomizatuagoa orduan eta galera handiagoa da ekintzaile txikien artean. Tamaina honetako enpresen galerarik handiena Nafarroa Garaian gertatu da. Esan daiteke, sarean eratutako enpresa txikien ehuna izan dela zigortuena.

Beharbada horregatik azken urteotan sortutako enpresa gehienak handiagoak izan dira. Horretan ere, Nafarroa Garaiak erakutsi du indarrik handiena, gainerako herrialdeek tamaina guztietan enpresak galdu dituzten bitartean Nafarroa Garaiak sortu egin baititu (9.000 establezimendu berri 3 langile edo gehiagokoak). Ehunekotan, galdera proportzio handienak Bizkaiak ditu (%16koa 50 langiletik beherako establezimenduetan) eta segidan Arabak. Gipuzkoak, galera nabarmenak izan arren, Bizkaiak eta Arabak baino sendoago eutsi dio.

Sektore ekonomiko garrantzitsuak kaltetu ditu galerak

Ikusten ari garenez aldaketak egiturakoak dira eta galerak oro har sektore guztietan gertatu dira. Galerarik handienak, ordea, zenbait sektoretan metatu dira; esaterako:

  • Manufaktura industrialeko establezimenduak: ehungintza (-%34), altzarigintza (-%25), egurraren industria (-%24), produktu metalikoen edo elektronikoen fabrikazioa (-%20 inguru). Ahaztu gabe arte grafikoak, papergintza eta kimikak (-%10 inguru).
  • Eraikuntza arloko establezimenduak (eraikitzea -%30, injinerutza -%20…).
  • Merkataritza arloko establezimenduak (itsas garraioa -%32, bestelako garraioa -%18, txikizkako merkataritza -%8… Are handiagoa izan da txikizkako merkataritza espezializatuaren gainbehera…
  • Informazio eta komunikazio arloko establezimenduak (informazio zerbitzuetakoak -%48, irrati-telebista saio ekoiztetxeak -% 13, argitaletxeak -%13, ikusentzunekoen ekoizpena -%10…).
  • Ikerkate eta garapenean diharduten establezimenduak  -%46.
  • Irabazi asmorik gabeko elkarteak -%29.

Galdutako industriaren maila teknologikoa

Industria alorreko galerak dira mingarrienak, batez ere, industriak duen eragin egituratzaile eta biderkatzaileagatik. Industrian, ordea, puntako maila teknologikoan dabiltzanek galdu dute gutxien (%7) eta, aldiz, maila altu edo ertain-altukoek gehiago (%17 inguru). Hau da, teknologia berriena eskalako ekonomian baliatzen duten manufaktura alorreko enpresak galdu ditugu batez ere. Enpresa handien artean (>50 langile), esaterako, teknologia maila handiko enpresa industrialen %24 galdu dugu.

Europako erregioekin alderatuz, gure ohiko erreferenteetatik urrun

Ohikoa dugu Europara begira jarritakoan Batasuneko zenbait erregio industrial erreferentziazkotzat hartzea, gure antzeko egitura ekonomikoa dutelakoan. Krisi urte hauek, ordea, lehendik zetozen diferentziak areagotzeko balio izan dute. Erregio horietan (Lonbardia, Steiermark, Rhone-Alpes…) enpresa industrialen kopuruak bataz beste gure erdia egin du atzera (2011-13 aldirako soilik ditugu datuak). Haiek -%4 inguru, guk -%8. Gogoan izan, ordea, 2008-2016 aldia hartuko bagenu, Hego Euskal Herrian establezimendu industrialen %12,5 galdu dugula.

Gure antzeko hazkunde tasa izan dutenak bilatzen hasita oso agerikoa da Europako beste lurralde batzuen bidea hartu dugula (Bulgaria, Hungaria eta Espainiakoekin batez ere).

Industria enpresen hazkunde tasa EH-EB

Ondorioz

Herri baten baitan eta honekin osagarria den enpresa ehuna eraikitzea oso ariketa konplexua eta luzea da. Osagai askok bat etortzea behar du.

Euskal ekonomiak ekintzailetza handia izan badu ere, 2008an lehertutako krisi finantzarioak erakutsi digu ez dela aski abiatzen jakitea. Beharrezkoa da enpresa egitasmo integrala, besteak beste herri politika sendoak dituena lan harremanetan, garapen teknologikoan, nazioartekotzean edo finantzazio egitasmoetan.

Agerikoa da, krisi finantzarioa ez zuela inork kontrolatzerik, baina bazela Euskal Herrian hamaika enpresa mugako estrategian oinarritua (tamaina txikia, bitarteko produktua, berrikuntza apalak, soldaten murrizketa, bertako enpresekiko gehiegizko mendekotasuna…) Une honetan, ordea, jarduera berriak (errobotika) datozen bezala pentsatu beharko genuke nola jokatu bai ekonomia egoiliarreko jardueretan zein nazioartekotuetan. Jarduera berriak, antolaketa eredu berriak, produktu eta zerbitzu berriak, eta batez ere,  lurraldearekin konprometituak.

Galdutakoa galduta dago, baina bada zer ikasi gertatutakotik.

*Hurrengo taula sortan dituzue datu xeheak: