Aireportuak, 2007ko marka gainditu ezinik

Euskal Herriko aireportuek ia bost milioi eta erdi bidaiari batu zituzten iaz. Azken urteotan ez da 2007ko marka (6.355.718) gainditzeko moduko zifrarik izan, eta hori nabarmen antzematen da krisiaren atariko datu horiek iazkoekin alderatzean. Izan ere, zazpi urtetan Euskal Herriko aireportuek bidaiarien %13,7a galdu dute bataz beste, eta askoz ere gehiago aireportu txikienetan: Forondan (%96), Noainen (%72) eta Hondarribian (%47), hain zuzen.

grafikoa1

Miarritzeko aireportuak hartzen du Euskal Herriko bost hegazkin bidaiaritik bat, eta hura da krisia hasi zenetik gero eta bidaiari gehiago jasotzen jarraitu duen bakarra. Dena dela, azken bi urteotan beherazko joera du, Hego Euskal Herriko eta oro har Euskal Herriko aireportu nagusia den Loiu (bidaiari guztien %70a baino gehiago) pixkanaka hobera egiten ari den bitartean. Hori horrela, litekeena da urtea bukatzerako Bizkaiko aireportuko zifrak azken urteotako onenak izatea, 2007koen ondotik.
 
Helmugei dagokienez, Hego Euskal Herriko lau aireportuak AENAren esku daude, eta ez dute autonomiarik nork bere interes estrategikoen araberako erabakiak hartzeko. Miarritzeko aireportua enpresa pribatu baten esku dago eta autonomia handiagoa du horrenbestez, baina dena dela, batzuek eta besteek Espainiako eta Frantziako estatuetara begira egiten dute lan nagusiki.

Hori horrela, Hego Euskal Herriko bost bidaiaritik bat Madrildik etorri edo Madrilera joan zen 2014an, eta %13,4ak Bartzelona zuen abiapuntu edo helmuga. Miarritzeko aireportuan, polarizazioa are handiagoa da: 2013ko bidaiarien %63,4a Parisa joan zen.

grafikoa2   grafikoa3

Hego Euskal Herriko hegaldien eskaintza Europako hiri handiek (Paris, Londres), eskala egiteko baliatu ohi diren aireportuek (Frankfurt) eta udako helmugek (Mallorca, Tenerife, Sevilla) osatzen dute. Miarritzeko hegaldi gehienak Frantziako Estatuan geratzen dira (Lyon, Marseilla…), eta Europako hirien artean, Londres nabarmentzen da gehien. Bestalde, azpimarratzekoa da Hego Euskal Herriko bidaiariek Ipar Euskal Herriko aireportuan duten presentzia handia: Akitaniako Merkataritza Ganberaren arabera, Miarritzeko erabiltzaileen %10 inguru da hego euskal herritarra.

grafikoa4

Dena dela, bidaiariak ez ezik, merkantziak ere mugitzen dira aireportuetan, eta zentzu horretan Foronda da jaun eta jabe Euskal Herrian: merkantzia guztien %94a atera edo sartzen da Arabako aireportutik. Azpimarratzekoa da 2010etik izan duen hazkunde handia, 28 milioi tona inguru mugitzetik ia 45 milioi garraiatzera igaro baita aireportu hau bost urteren buruan.