Nafarroa eta Araba arteko lurraldeen ihartzea

Euskal Herrian  hiriburuetatik kanpo geratzen diren bailarek egoera zailagoa bizi ohi dute. Horren adibide dira Nafarroa Garaia eta Araba arteko mugan dauden eskualdeak, Estellerriko ekialde eta mendebaldea zein Arabako Mendialdea. Segidan deskribatzen da nolakoa den eskualde horien gaur egungo egoera.

Lurralde eremu zabala

Hego mendebaldean dauden lurraldeak Arabar Errioxaren inguruan dauden lurrak dira. Guztira 1700 km2-ko azalera dute, Euskal Herriko azalera osoaren %8a, eta 66 udalerri barnebiltzen dituzte.

 

Urritzen doan biztanleria

Azalera handia duen arren populazio gutxiko lurralde eremua da, orotara 40 mila lagun bizi baitira bertan. Hau da, 23 biztanle kilometro karratuko. Inguru honetan Euskal Herriko dentsitate txikienetakoa dago beraz. Izan ere, kontuan hartu behar da bataz besteko hori 149,5-ekoa dela Euskal Herrian eta 36koa landa gunean.

2000. urtean bertako biztanleriak aldi baterako gorakada bazuen ere, historikoki biztanleria galdu duen zonaldea izan da honakoa. Galera egoera kritikoenak Estellerriko mendebaldean antzematen dira: Desojo eta Aguilar Kodeskoak, esaterako, biztanleriaren heren bat galdu dute.

Laborantza eta industrian finkatutako oinarriak

Jarduera ekonomikoari sektoreka erreparatuz, azpimarratzekoa da bertako ekonomiaren izaera laborari eta industriala. Azken hori manufaktura eta eraikuntzari loturikoa bereziki, mendebaldeko enpleguetan nagusi  dena.

Lan merkatuari dagokionez, %50ekoa du aktibitate tasa, eta langabezia Hego Euskal Herriaren bataz bestekoaren inguruan dabil (%10ekoa). Azpimarratzekoa da, edonola ere, pentsionista eta jubilatu indize handiak dituen gizartea dela.

Zerbitzuen urruntasuna

Hiriguneetatik urrun dauden eskualdeak izanik, hiriburuetan kontzentratzen diren zerbitzuetatik ere urrundu egiten ditu. Osasun zerbitzuak, eskola, merkataritza edo bestelako zerbitzuetara iristeko egin beharreko distantziak handiak izan daitezke.

Arabako mendialdea da, alde horretatik, zerbitzuak urrunen dituena: posta bulegoa edo euskaltegia 30 km-ra baitute. Eta sutea gertatuz gero, Estellerriko mendialdeak ditu suhiltzaileak urrunen.

Erronkak, gaurtik bihar

Zonalde honek azken hamarkadetan biztanleriari eutsi badio ere zailtasunak handiak dira garai berrietara egokitzeko. Horren isla da biztanleriaren zahartzea edo jarduera ekonomikoaren maila teknologiko apala. Etorkizunari begira bertako bizitza ekonomiko eta soziala indartzeko behar diren egitasmo eta azpiegituren presentzia zaintzea komenigarria litzateke.