Landa guneek gazteak galtzen ari dira

Azken urteetan 30 urtetik beherakoen proportzioa etengabe murrizten joan da Euskal Herrian. Milurtekoaren hasieran gazteen presentzia proportzionala handiagoa zen hiriguneetan, baina 2012az geroztik, galera orokorra gertatu eta gero (2008ko atzeraldiak eragin baitzuen gazte eta migranteengan), landa inguruetako proportzioa handiagoa da hiriguneetan baino. Bilakaera horren berri ematen dugu jarraian.

Joera nagusiak Euskal Herrian

Biztanleria gaztearen galera, batik bat, Bizkaia eta Araban eta 25.000-50.000 biztanle arteko udalerrietan gertatu da (esan bezala, 2008ko atzeraldiak prekarietate handieneko eremuetan jo zuen gazte eta migranteengan eraginez). Aldiz, Nafarroa Beherea eta Lapurdin, eta orokorrean 5.000 biztanletik beherako udalerrietan galera ez da hainbestekoa izan, eta, gaur egun, gazte proportzio handiena bertan dago.

                                                                                        Iturria: EUSTAT, INE, INSEE eta GAINDEGIA

Gazteen presentzia eskasa duen lurralde eremua

Euskal geografian barrena biztanleria gaztearen presentzia gora-beheratsua da. Gazteen presentzia urria duten eskualdeak ez dira gutxi, besteak beste, Salbaterraldeko herri elkargoa, Erronkari-Zaraitzu, Arabako Mendialdea, Irunberrialdea edo Estellerria Mendebaldea. Ez dira bakarrak. Bilbo Handian eta Donostialdean ere apala da 30 urtetik beherakoen proportzioa, baita industria izaera indartsua duen Debabarrenan ere.

Gazteen presentzia apala duten udalerriak

42 udalerritan %15 baino baxuagoa da gazteen proportzioa. 300 biztanle baino gutxiagoko udalerriak dira denak, hortaz, epe ertain edo luzera udalerria bera desagertu ere egin daiteke. Azuelo edo Gazteluberri dira muturreko bi kasu: 30 urtetik beherako biztanlerik ez da bertan.

Erronkak, gaurtik bihar

Euskal Herrian gazteen proportzioak behera egin izana ez da harritzekoa kontuan hartuz 70. Hamarkadako hazkunde handia eta 80ko atzeraldiak ekarritako jaiotzen  jaitsiera. Bizi izan ditugun prozesu sozio-ekonomikoek erabateko eragina izaten ari dira gure demografian. Edonola ere, gazteen presentzia desorekatua da lurraldean. Egoera bereziki larria da biztanle gutxiko herrietan, hainbat kasutan bertako gazteei eutsi eta biztanleria gaztea erakarri ezean udalerria biziberritzeko aukerarik gabe gera daiteke. Eskualde eta bailaren dinamika sozio-demografiko iraunkorrak garatu ezean euskal geografiak inoiz ezagutu gabeko desorekak biziko ditu, horrek dakarren guztiarekin.