Skip to main content

I+G gastua apaltzen eta Erresuma Batuaren pare (BPGren %1,7)

2018 urtean euskal lurraldean funts publiko zein pribatuak barne bilduz ikerketa eta garapeneko jardueretara 1.866 milioi euro bideratu dira. Aurreko urtean bideratutako inbertsioa baino 62,2 milioi euro gehiago dira, baina 2012 urtekoa baino 10,3 milioi euro gutxiago. Berrikuntza jardueretara bideratutako azken hamarkadako gastu apalena 2015 urtean egin zen, ordutik gastua handitzen joan da BPGren hazkunde erritmoan.

Hori dela eta, I+Gra bideratutako gastua Euskal Herriko BPGren %1,74a osatzen du egun eta, 2015az geroztik, proportzioan egonkor mantendu da. Berrikuntzara bideratutako BPGren zati handiena 2012 urtean izan zen (%2,03), BPGk hazkunde negatiboan murgilduta I+Gra inoizko diru funts handienak bideratu zirenean. Lurraldeka, Euskal A.E.n BPGren %1,85a bideratu da eta, Nafarroa Garaian, %1,68a. Ipar Euskal Herrirako estimazioen arabera, ordea, I+Gra bideratutako gastua %1,18koa izan da. EUSTATen arabera, Euskal Herrian berrikuntzara gastu-maila handiena bideratzen duten eskualdeak Goierri (%4,39), Debagoiena (%3,73), Debabarrena (%3,38) eta Donostialdea (%2,28) dira. Zalantzarik gabe, Goierri Euskal Herrian ikerketa eta garapenean inbertsio handiena egiten duen eskualdea da egun.

Euskal Herriak egun I+Gra bideratzen duen gastu-maila Erresuma Batuaren parekoa da (%1,7) eta gero eta urrunago dago EB-27ko (%2,19) gastu-mailatik. Hala, Euskal Herriko I+Gko gastu-maila gero eta urrunago dago ere Suediako (%3,32), Alemaniako (%3,13) edo Danimarkako (%3,03) errealitatetik. Frantzian BPGren %2,2a bideratzen da, eta Espainian, %1,24a. Euskal Herriko egitura produktiboak indargune eta ahuldade propioak ditu, enpresa ertain eta txikiek pisu nabarmena dute egitura produktiboan eta epe luzeko inbertsiorako mugak tamaina handiagoko ehun produktiboan baino nabarmenagoak izan ohi dira.

Etiketa orokorrak