Euskararen gaitasunaren gainbehera udalerri euskaldunetan: eraldaketa faktoreak eta tipologiak [2016ko maiatza]

Euskararen gaitasun indize orokorrak -udalerri bakoitzaren gaitasun indizeak- bilakaera desberdinak izan ditu azken urteotan udalerriz udalerri (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuetan). Horien artean 'euskaldun' direnetan, euskara gaitasuna %70etik gorakoa den udalerrietan alegia, indizea  apaldu egin da hainbat udalerritan, 2011ko zentsuko datuen arabera: zenbat eta euskaldunagoa orduan eta hazkunde txikiagoa edo hazkunde negatiboa izan du indizeak. Bestela esanda, euskaldunen proportzioa gutxitu egin da.

Gaindegia-udalerrietako-euskara-gaitasun-indizea-azpimarra-lurraldea-hizkuntza

 

Aldaketa horren atzean dauden faktore nagusiak zeintzuk dira, ordea? Herri bakoitzak bere bilakaera izan duela ez dago ukatzerik, baina ba ote dago faktore komunik udalerri euskaldunen joera komun horretan?

Gaindegiak UEMArentzat EAEko 126 udalerri euskaldunetako datu demolinguistikoak eta sozio-ekonomikoak uztartuz (orotara 234 adierazle udalerri bakoitzean) euskara gaitasun indize orokorraren apaltzea eta bilakaera sozioekonomikoaren arteko harremana aztertu du. Emaitza ezin argiagoa da,   bi faktore ageri dira euskararen indize orokorraren bilakaeraren atzean: 2001-2011 aldian gertatutako etxebizitza parkearen hazkundea eta garai berean bizi izandako biztanle kopuruaren hazkundea.

Etxebizitza parkearen bilakaera
Euskara gaitasuna %70etik gorakoa den udalerrietan gainerakoetan baino nabarmen gehiago hazi da etxebizitza kopurua 2001-2011 epealdian. Etxebizitza kopurua gehien hazi den herrietan jaitsi da gehien euskararen indize orokorra. Izan lehen etxebizitzak edo bigarren etxebizitzak, oro har etxebizitzen kopurua eta erabilera nabarmen handitu da udalerri euskaldunetan, harik eta bigarren etxebizitza ziren asko lehen etxebizitza bihurtzeraino, hain izan da handia presio demografikoa (gogora dezagun 70eko hamarkadako hazkunde demografikoan jaiotako taldea dela gure historiako jendetsuena eta talde hori dela bizitza proiektu autonomoa egiteko adinera iritsi dena aurreko hamarkadan). infografian ikusten denez, hazkunde proportzioak arras altuagoak dira udalerri euskaldunetan.

Gaindegia-etxebizitza-parkearen-bilakaera-azpimarra-euskara-lurraldea-hizkuntza

 

Biztanleriaren hazkundea
Biztanle kopuruaren hazkundeari dagokionez, euskara gehien galdu duten udalerrietan gertatu da hazkunde handiena. Hartu dituzten herritar berriak bataz beste 30-39 urte bitartekoak dira, inguruko herrietan dute sorterria eta euskaraz trebetasunez mintzatzeko zailtasunak dituzten hiztunak daude tartean. Formazio maila eta errenta maila ere udalerri euskaldunetakoa baino altuxeagoa dute. Infografian ikusten denez, gehien galdu duten herrietako biztanleria EAEkoaren halako hiru hazi zen hamarkada horretan.

Gaindegia-biztanleriaren-bilakaera-azpimarra-euskara-lurraldea-hizkuntza

Etxebizitzak eta biztanleria gora, euskara behera
Azterlanak sei jokabide azaleratu ditu etxebitza-biztanle kopuruak izan duen bilakaeraren arabera. Oso gutxi dira gaitasun indize orokorra mantendu edo hobetu dutenak, gehienek behera egin dute. Esaterako, etxebizitza kopurua handitu eta biztanle kopuruan gora egin dutenen artean 76 udalerritan indize orokorrak behera egin du eta lautan gora. Hau da, jokabide hau izan duten udalerrien %95ean behera egin du gaitasun indize orokorrak. Ondorengo grafikoan ikusten den moduan tipo hau da hedatuena lurgune euskaldunean bai portaerari dagokionez (etxebizitzak gora eta biztanleak ere bai) bai ondorioei dagokionez (gaitasun indize orokorra behera).

Gaindegia-etxebizitza-eta-biztanleriaren-hazkunde-handia-euskararen-galera-udalerriak-azpimarra-euskara-lurraldea-hizkuntza

Ondorioz

Udalerri euskaldunetan etxebizitza asko eraiki da. Hasiera batean bertako herritarren beharrak asetzeko ekimena bazen ere (1991-2001 hamarkadan batez ere), azken hamarkadan inguruko herrietako jendea hartu dute batik bat, herrikoa gordetzeaz gain, kasu gehienetan. 1991-2001 aldian hazkundea udalerri handienetan gertatu zen, masa kritiko handienekoak, baina 2001-2011 aldian txikienetan metatu zen etxebizitza berri gehien (ahulenak masa kritikoari dagokionez).
Barne migrazioei dagokienez udalerriek hartu dituzten biztanleen tipologiari so eginez gero,  gazteak, euskaldunak, euskal hiztun trebeak ez diren asko, haurrak hazteko adinean daudenak eta abar daude, trantsizioan hazitakoak eta euskararen aldeko diskurtsoa bere egina dutenak inkesten arabera. Hiztun hauen artean etxeko hizkuntza eta ama hizkuntza erdara izan duten asko ere badira multzoan.
XX. mendean, Martin Ugalderen arabera industrializazio prozesua eta beste hizkuntza-komunitateetako biztanleriaren erakartze masiboa izan ziren euskararen gainbeheraren gakoak Espainiar Estatuko Trantsizio aldian. XXI. mendean ostera, hirigintza eta barne migrazioak dira aldaketaren gako eraberrituak. Finean, jatorriz Hego Euskal Herriko beste udalerrietakoak diren (30-44 urte arteko) herritarren hazkundea dago aldaketaren muinean.
Aurrera begira gainbehera eragin duten faktoreek bere horretan jarraituko dutela dirudi. Arretaz zaindu beharko da, beraz, hizkuntzaren erabilera arauak nola aldatzen diren belaunaldi gazteenetan, bai eta nolako interbentzio urbanistiko eta ekonomikoak egiten diren. Izan ere, euskararen lurguneak ageriko premia du bere biztanleei eutsi eta hiztun euskaldunak erakarriko dituen estrategia sozio-ekonomiko batena.

Badira, halaber, zazpi udalerri laster %70etik gorako euskara gaitasun indizeetara iritsiko direnak hurrengo urteetan, beraz, euskararen lurgunea are zabalagoa izango da.

 

*Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaolak ETB1eko Azpimarra saioan azterlana azaldu du: