Euskal herriraren garapen soziala miran

Garapen Sozialaren Indizea gizarte eta ingurugiroari loturiko 42 adierazle aintzat hartzen dituen indizea da. EUROSTAT eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren arteko lankidetzaz Europako erregioetarako berriki kalkulatua izan da. Adierazle honek Euskal Herriari buruz zer dioen aztertu dugu guk eta emaitzak Europako beste erregioetakoekin alderatu ditugu Euskal Herriaren egoera nolakoa den ezagutzeko.

Garapen Sozialaren Indize orokorra Europako geografian barrena behatuz, hiru errealitate bereizten dira. Batetik, garapen sozial handikoak (Europa iparraldeko erregioak eta zentroko zenbaitzuk). Bestetik ertainekoak (Europa Erdialdeko gehienak, Frantzia, Erresuma Batua, iberiar penintsulako iparraldekoak, Euskal Herria tartean). Garapen sozial txikikoak azkenik (ekialdeko Europa, Mediterraneoko erregio gehienak eta Portugal). 

Euskal-herriraren-garapen-soziala-miran

Euskal Herriaren Garapen Sozialaren Indize orokorra 70,9koa da (0-100 eskalan), Europako 272 erregioetatik 114. postuan kokatuz. Gure antzeko indizea duten erregioak dira Alsazia,  Île de France, zein Erresuma Batuko eta Alemaniako hainbat eskualde, Düsseldorf edo Hannover horien artean (mapan azpimarratutako lurraldeak). Aldiz urrun geratzen dira lehen postuetan kokatzen diren Suedia, Finlandia edo Danimarkako erregioak (kolore ubelez), bai eta indize baxuenetakoa duten Bulgaria eta Errumaniako hainbat eskualde ere (kolore gorriz).

Euskal-herriraren-garapen-soziala-miran

Euskal-herriraren-garapen-soziala-miran

Taulan ikus daitekeen moduan, garapen soziala osatzen duten aldagaien artean, balorazio sozial altuena jasotzen duena Oinarrizko giza beharrak da (82,8), nahiz eta Etxebizitza eskuragarritasunean balorazioa zertxobait apala izan (69,2). Ongizatearen oinarrien balorazioa baxuagoa da (67,2koa), ekosistemaren jasangarritasunean dauden zenbait ahultasunengatik batez ere,  horien artean kutsadura indizeak.

Euskal Herriko ahulgune nagusia herritarren Aukeretan dagoela ikus daiteke, norbanakoen eskubideetan huts egitearen ondorioz nabarmen. Hutsegite hau Hego Euskal Herrian da esanguratsuen, sistema politiko eta judizialarekiko mesfidantza handia izateagatik, bai eta ustelkeria maila handia egoteagatik ere.

 

Erronkak, gaurtik bihar:

Esan liteke, beraz, oinarrizko giza beharrei dagokionez asetasun maila handia dagoela, eta aldiz, norbanakoen eskubideak direla Euskal Herriaren ahulgune nagusia. Nolanahi ere, kontuan izan behar da datu hauen artean ez daudela errentarekin lotutako adierazleak (laneratze maila, enplegurako bermea, errenta maila, errenta dispertsioa…), horiek ere Garapen Soziala baloratzeko baliagarriak liratekeenak. Gogoan izan behar baita Euskal Herriak oro har ezaugarri positiboak baditu ere, Europako beste hainbat lurraldek ez bezala krisi larria nozitu duela, eta neurgailu honek ez dituela horren eraginez sortu diren aldaketak jasotzen.