Euskal herriko enpresa demografia krisialdi garaian, 2008-2016

Euskal herriko enpresa demografia krisialdi garaian (2008-2016)

2008an hasitako atzeraldi ekonomikoak hainbat ondorio ekarri zituen berekin. Enpresak lehengaiak erosteko, soldatak ordaintzeko edo inbertsioak egiteko finantziazioa galtzen hasi ziren eta horrek enpresen kaudimen eza, LEE-ak (ERE) eta enpresen itxierak ekarri zituen berekin. Euskal Herriko ehun produktiboak ere orduan izan zuen hamarkadetan ezagututako gainbeherarik larriena. Egoera horrek euskal enpresen demografian nola eragin zuen azaltzen dugu jarraian.

40.000 establezimendu gutxiago hegoaldean

Hegoaldeak, Espainiako estatuaren gainbehera ekonomikoari kateaturik ezin izan dio hainbat jarduerari eutsi eta enpresa galera nabarmena nozitu du. Ipar Euskal Herriak, aldiz, zailtasunak bizi arren, Frantziako Errepublikak jokatu duen politika ekonomikoaren baitan, establezimendu kopurua emendatzea lortu du.

Gauzak honela 2011tik 2015era bitartean Hego Euskal Herriak 10.658 enpresa galdu zituen eta Ipar Euskal Herriak 4.349 irabazi (ia denak Lapurdin, Euskal Kosta-Atturri eta Hego Lapurdi elkargoetan). Alderaketa 2008 eta 2016 artean eginez gero, ordea, Hego Euskal Herriko galera are handiagoa dela ikus daiteke. Besteak beste, Hegoaldeak enpresa kopuruaren %15,4 galdu du aldi honetan, ia 40.000 establezimendu.

Bilakaeraren geografia

Galerarik handienak (%20 inguru) maila teknologiko apaleko industria osagarria duten eskualdeetan gertatu da (Ebro Garaiko Erribera, Lizarraldea, Bidasoa Beherea, Tuteraldea, Iruñerria) eta segidan enpresen inguruko zerbitzu enpresak dituzten eskualdeetan (Bilbo Handia eta Donostialdea).

Euskal herriko enpresa demografia krisialdi garaian 2008-2016

Langile gutxiko establezimenduak galdu dira gehien

Galdu diren enpresen erdia (20.000 establezimendu) 1-2 langilekoak ziren, Nafarroa Garaia izan delarik zonalde gaztigatuena. Agerikoa da sarean eratutako enpresa txikien ehuna izan dela zigortuena, eta behar bada horregatik azken urteotan sortutako enpresa gehienak handiagoak izan dira. Horretan ere, Nafarroa Garaiak erakutsi du indarrik handiena, gainerako herrialdeek tamaina guztietan enpresak galdu dituzten bitartean Nafarroa Garaiak sortu egin baititu (9.000 establezimendu berri 3 langile edo gehiagokoak). Ehunekotan, galera proportzio handienak Bizkaiak ditu (%16 50 langiletik beherako establezimenduetan) eta segidan Arabak. Gipuzkoak, galera nabarmenak izan arren, Bizkaia eta Arabak baino sendoago eutsi dio enpresen galerari.

Sektore ekonomiko garrantzitsuen kaltetzea

Aldaketak egiturazkoak badira ere, galerarik handienak sektore jakin batzuetan metatu dira. Horien artean:

  1. Manufaktura industrialeko establezimenduak: ehungintza (-%34), altzarigintza (-%25), egurraren industria (-%24), produktu metalikoen edo elektronikoen fabrikazioa (-%20 inguru)
  2. Eraikuntza arloko establezimenduak:eraikitzea -%30, injinerutza (-%20)
  3. Ikerketa eta garapenean diharduten establezimenduak  (-%46)
  4. Irabazi asmorik gabeko elkarteak (-%29)

Maila teknologiko altua izateak ez du biziraupena bermatzen

Industrian, ordea, puntako maila teknologikoan dabiltzanek galdu dute gutxien (%7) eta aldiz, maila altu edo ertain-altukoek gehiago (%17 inguru). Hau da, eskalako ekonomian teknologia berriena baliatzen duten manufaktura alorreko enpresak galdu dira batez ere.

Europako erregioekin alderatuz gure ohiko erreferenteetatik urrun

Ohikoa dugu Europara begira jarritakoan Batasuneko zenbait erregio industrial erreferentziazkotzat hartzea, gure antzeko egitura ekonomikoa dutelakoan. Krisi urte hauek, ordea, lehendik zetozen diferentziak areagotzeko balio izan dute. Suitzako Lonbardian, Austriako Steiermarken edo Frantziako Rhone-Alpesen, besteak beste, enpresa industrialen kopuruak bataz beste gure erdia egin baitu atzera: haiek %4 inguru, guk %8.

Gure antzeko hazkunde tasa izan dutenak dira Bulgaria, Hungaria edota Espainia.

Euskal herriko enpresa demografia krisialdi garaian 2008-2016

Erronkak, gaurtik bihar

Euskal ekonomiak ekintzailetza handia izan badu ere, 2008an lehertutako krisi finantzarioak erakutsi digu ez dela aski abiatzen jakitea. Beharrezkoa da enpresa egitasmo integrala, besteak beste, herri politika sendoak dituena lan harremanetan, garapen teknologikoan, nazioartekotzean edo finantzazio egitasmoetan.

Agerikoa da krisi finantzarioa ez zuela inork kontrolatzerik, baina bazela Euskal Herrian hamaika enpresa mugako estrategian oinarritua (tamaina txikia, bitarteko produktua, berrikuntza apalak, soldaten murrizketa, bertako enpresekiko gehiegizko mendekotasuna…). Une honetan, ordea, jarduera berriak (errobotika) datozen bezala pentsatu beharko genuke nola jokatu bai ekonomia egoiliarreko jardueretan zein nazioartekotuetan. Jarduera berriak, antolaketa eredu berriak, produktu eta zerbitzu berriak, eta batez ere,  lurraldearekin konprometituak sustatuz.