Euskal herrian lan eta bizi, zailtasun handiko leloa zenbait landa eremutan

Euskal Herria aro demografiko berri batean da eta bere baitan joera desberdinak egon arren, biztanle kopurua egonkortze bidean jarri du. Lurralde ikuspegi integral batetik, ordea, kezkagarria da Euskal Herriko landa eremuko zenbait eskualdek duten metabolismo demografiko kaxkarra. Azken hamarkadan barne migrazio indartsuak eman dira lurraldean eta testuinguru ekonomiko orokorrak, eskualde batzuen huste prozesua azkartu du.

Egun euskal herritarren %88 eremu metropolizatuan bizi da eta geroz eta ugariagoak dira hiritarrak. Izan ere landa eremuko zenbait eskualdeen iraunkortasun demografikoa kolokan da aspaldidanik, eta egungo krisi aroak, egoera hau areagotzea ekarri du.

Landa eremuko eskualdeek ezin dute hirien aukera eskaintza edo etxebizitza eskuragarritasunarekin lehiatu, eta hirietan metaketa (biztanleriarena, jarduera ekonomikoena, hirigintzarena,…) indartu duten lurralde antolamenduen ondorioei aurre egin ezinik dira hainbat. Horien artean, Erronkari-Zaraitzu, Arabako Mendialdea, Zangozerria edo Ebro Garaiko Erribera dira 2008 geroztik biztanleria gehien galdu duten zonaldeak. Euskal Herrian lan eta bizi, Gasteizen ala Zangozan jaio, ez baita modu berean gauzatzen.