Euskal Herriko oinarrizko adierazle ekonomikoen bilakaera, 2008-2015

Azkenaldian sarri entzuten dira atzeraldi ekonomikoaren ondoren ekonomia indartze aro batean sartu dela dioten ahotsak. Hari horretatik tiraka, Gaindegiak, urtero ohi duen lez, egiturako adierazle nagusiak eguneratzearekin batera, 2008-2015 aldiari dagokion sintesia egin du.

Esan gabe doa adierazle horiek ez dutela herrialde baten errealitate osoa neurtzen -are gutxiago aberastasuna nola banatzen den-. Alta, egiturakoak diren aldetik, oso esanguratsuak dira eta balio dute besteak beste herrialdeen arteko alderaketak egiteko, herrialde bakoitzak duen sendotasun edo mendekotasun mailak desberdinak izan arren. Hurrengo lerrootan dituzue biztanleko Barne Produktu Gordinaren (BPG), lanaren produktibitatearen, I+G gastuaren eta enplegu bolumenaren indizeek 2008-2015 artean izan duten eboluzioa .

Barne Produktu Gordina biztanleko
2014an Euskal Herriko biztanleko BPGa 2009an izan zuen mailara iritsi den arren, egun oraindik urrun gaude 2008ko mailatik. Iragan hamarkadako hazkunde ekonomikoa etengabea izan zen, zenbait jarduera ekonomikoren hazkunde handiaren eskutik (industria, higiezinen salerosketa, eraikuntza…) batik bat. Gure aurreikuspen demografikoek adierazten digutenari jarraiki, ez dirudi etorkizun hurbilean gisako hazkunde iraunkorra berriro gertatuko denik.

Euskal Herriko biztanleko BPGa mundu mailan altuenetakoa den arren, 2008az geroztik apaldu egin da. Aldi honetan -antzekotasun produktibo eta sozioekonomikoei jarraituz- erreferentziazkoak diren estatu eta erregioek handitu egin dute beren biztanleko BPGa. Euskal Herriak, ordea, horiengandik urrunduz, Espainiako Erresumaren bidea hartu du, BPGean galduz, Kataluniaren edota Greziaren modura. Alemaniak eta Danimarkak, esaterako, urteotan biztanleko BPGa handitzea lortu dute: ondoko grafikoetan atzeman daitekeen bezala, produktibitate txikiagoarekin, I+G gastuan ahalegin handia eginez eta enplegurik galdu gabe. 

 

 

BPG biztanleko, egun eta hazkundea.

 

Produktibitatea
Krisi urteak izan arren lanaren produktibitateak igotzen jarraitu du Euskal Herrian eta azken hamarkadan ezagutu gabeko mailara iritsi da. Bestela esanda, Euskal Herrian ematen den langileko produktibitatea inguruko altuenetakoa da, eta are nabarmenagoa 2008az geroztik. Jarduera ekonomikoa galdu bada ere, are gehiago izan dira galdutako enpleguak. Aurrerago ikusiko dugun moduan, kalte sozial handiko prozesua ematearekin batera jarduera ekonomikoaren produktibitatea ezagutzen ez genuen mailara iritsi da.

Nazioartean ere antzeko bidea egin dute BPGren hazkunde eskasena izan duten herrialdeek: enplegua desegin eta produktibitatea hobetu. Adibide argiak dira Espainiako Erresumakoa eta Kataluniakoa.

 

Lanaren produktibitatea, egun eta hazkundea

Lanaren produktibitatea, egun eta hazkundea

 

I+G gastua
Ikerketa eta Garapenean egindako gastua ezinbestekoa da lurralde baten berrikuntzarako, besteak beste, berrikuntza ekonomiko-produktiborako. 2014an dedikatutako gastua krisialdiaren aurreko urteko mailara iritsi den arren, sei urte behar izan ditugu horretarako. Lurraldeka inbertsioa handiagoa da EAEn gainerako euskal lurraldeetan baino. Kasurik onenean jarrita ere, apala da gure ahalegin ekonomikoa norabide horretan.

Krisi urteek berrikuntza eta eraldaketa sozioekonomikoa eten dutela esan daiteke, besteren artean, Madrildik ezarritako murrizketa politiken eraginez. Euskal Herriko I+G gastua erreferentziazko lurraldeen artean apalenetakoa da eta bere apaltasunean atzera egiteak asko urrundu du bide horretan aurreratuen dabiltzanengandik. Horrekin batera enplegu bolumenean galera eragin da berrikuntza apala medio. Euskal Herriko aberastasunak ezin du oinarritu enplegu galera eta murrizketa sozialetan. Ez da hori erreferentziazko lurraldeek egin duten bidea. 

I+G gastua, egun eta hazkundea

I+G gastua, egun eta hazkundea

 

Enplegu bolumena
Enplegu bolumenak -zenbat enplegu dagoen- adierazten du argien orain arte azaldutakoaren ondorioa. 2015ean 2008an baino 160.000 enplegu gutxiago zegoen Euskal Herrian. Egungo enplegu kopurua 2002ko mailan dago, zehazki orain hamahiru urteko zifra. Galera horretan, erretreta hartu eta ordezkatuak izan ez diren enpleguez landa, hainbat sektore ekonomikotan gertatu den enplegu suntsitzea dago, manufaktura industrian kasu.

Areago, enplegu horietako asko lanaldi murriztukoak dira, eraginkortasun ekonomiko txikiagoko sektoreetan sortu dira, eta abar... Hortaz, enplegu gutxiago eta enplegu eskasagoak dira sortu direnak. 207.000 lagun daude langabezian egun eta horien artean gero eta gehiago dira kronifikatutakoak.

Enplegu bolumenean hazkunde ezkorra izan duten herrialdeak ez dira asko Europan, eta oso hurbilekoak dira gainera. Euskal Herriak baino BPG eta produktibitate apalagoa duten herrialdeek enplegu bolumena handitzea lortu dute, gurean galdu egin den bitartean.

 

Enplegu bolumenaren bilakaera

Enplegu bolumenaren bilakaera

Ondorioz
Emaitza 'baikorrak' ez dira beti onbera. Ikusi bezala, adierazle makroekonomikoak baikorrak izan daitezke eta horien ondorio sozialak edo egoera aldatzeko baliabideak kontrako norabidean joan. Euskal Herrian gertatu dena -enplegu galera eta krisi soziala- ez da gertatu antzeko ekonomia duten beste lurralde batzuetan. Izan ere, BPG apalagoa duten hainbat herrialdek enplegu bolumen handiagoak dituzte.

Krisialdiaren aurrean elkartasun sozial txikieneko eredua ezarri da Euskal Herrian. Madrilgo lan erreformetatik zein austeritate politiken aplikaziotik eratorri da azken urteotan bizi izan duguna. Zentzu horretan, ekonomiaren hazkundearen gako nagusia produktibitatearen igoera da, ez berrikuntza inbertsioa ezta enpleguaren sorrera. Hala izan da, behintzat, orain arte.

Euskal Herrian 2008-2015 epealdian gertatu denak aldaketa sakonak eragin ditu bertako ekonomiaren egituran, hitzarmengintzan, aberastasunaren banaketan, lan indarraren erabileran eta kohesio sozialean. Are gehiago, bertako ekonomia eta enpleguak garai berrietara egokitzeko bidean ahalegina apaldu dugu I+G gastua apaltzearen ildotik.

Bertako errealitateari erantzuten ez dioten politika zentralistak aplikatu izanak eraginkortasun ekonomikoak hobetuko zituen akaso, baina errotik kaltetu ditu herri batek aurrera egiteko behar dituen baliabideak, kohesioa eta ikusmira. Euskal eredu sozioekonomiko baten beharra agerikoa da. Euskal ekonomia eta gizartean gertatzen ari diren prozesu nagusiak nazioarteko joerei lotuta egon arren, bertan nozitzen dira. Gure formula sozioekonomikoa behar dugu.

Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaolak ETB1eko Azpimarra saioan aferari buruz emandako azalpenak ikusteko eragin azpiko erreproduktoreari edo egin klik hemen: