Euskal Herria berrikuntza jardueretan puntako erregioetatik gero eta urrunago

Europako Batzordeak Erregioen Berrikuntza Panela gaurkotu berri du. Bi urte pasa dira erregioen berrikuntza-maila azken aldiz neurtu zuenetik, eta 2019 urteari dagokion ariketan aldaketa metodologiko txiki batzuk egin ditu. Oraingo honetan, Europako 238 erregioen berrikuntza-maila 17 aldagaien arabera neurtu eta erregioak lau talde nagusitan multzokatu ditu, eta lau horien barruan, hiru azpi-multzotan sailkatu. Ariketa horretan, Euskal Herria urrunago dago puntako erregioetatik, eta 2017 urtean “berrikuntza indartsua –“ zuten erregioen barruan bazegoen, oraingoan “berrikuntza neurritsua” duten erregioen multzora pasa da.

Iturria: Europako Batzordea - Erregioen Berrikuntza Panela 2019, GAINDEGIA.

Europako Berrikuntza Panelean aintzat hartzen diren 238 erregioen artean ez dago Euskal Herria, baina bai Europak NUTS 2 (Nomenclature of Territorial Units for Statistics) gisa aintzat hartzen dituen bere eremu administratiboak. Horrela, Euskal A.E, Nafarroa Garaia eta Aquitaine-Limousin-Poitou Charentes erregioetako datuak baliatuz, Euskal Herriari dagokion berrikuntza-mailaren argi-ilunak ezagutu daitezke. Gaindegiak urteak daramatza neurgailu honetan Euskal Herriaren egoera jarraitzen.

Europako 238 erregioen sailkapenean, 131. postuan

Europako erregioen Berrikuntza Panelaren arabera, Euskal Herria 131.en postuan kokatzen da. Puntuazio horrekin “berrikuntza neurritsua” duten erregioen taldean sailkatu berri da. Bi urte lehenagoko neurraldian “berrikuntza indartsua –“ erregioen multzoan sailkatuta zegoen, eta harrez geroztik, zenbait esparrutan berrikuntza hobetu arren, 2019ko sailkapenean maila bat beherago dago. Hau da, Europako testuinguruan Euskal Herriak duen posizionamendua ahulagoa da egun.

Euskal Herria osatzen duten administrazioen artean berriz ere Nafarroa Garaia izan da sailkapen apalena eskuratu duen lurraldea, nahiz eta Ipar Euskal Herriko errealitatea Aquitaine-Limousin-Poitou Charentes makro-erregioaren barruan lausotu. Hala, denbora perspektiban, Euskal Herriko hiru administrazioek oraingo honetan sailkapen apalagoa eskuratu dutela nabarmendu beharra dago. Edonola ere, jaitsiera horren irakurketan ezin da ahantzi Europako Batzordeak 2017 urtean aintzat hartutako zenbait aldagai egokitu dituela.

Zürich (Suitza), Ticino (Italia), Helsinki-Uusimaa (Finlandia) eta Stockholm (Suedia) buru dituen ranking honetan, Euskal Herria Budapest eta Piemonteren pare geratu da. Bere aurretik nabarmentzekoak dira Alemaniako 37 erregio, Frantziako 12 erregio, Herbehereetako eta Erresuma Batuko 12na erregio edota Suediako 8 erregio. Horiek ezezik, Portugaleko hiru erregio edo Greziako bi Euskal Herriaren aurretik sailkatu dira. 2013 urteaz geroztik Euskal Herriak berrikuntza esparruan hobekuntzak egin ditu eta horien baitan aipagarriak dira Euskal A.E.koak. Harrezkero, baina, Europako bazter askotan zeregin bertsuan hobeto aritu dira.

iturria: Europako Batzordea - Errregioen Berrikuntza Panela 2019, GAINDEGIA.

Berrikuntzaren argi-ilunak

Berrikuntza panelean Euskal Herria berriz ere indartsu agertu da goi-mailako formazioa duten herritarren proportzioan, merkatu eta enpresa berrietako berrikuntza salmentetan eta enpresa pribatuetatik I+G-ra bideratutako gastu-inbertsioan. Ahuldadeak, ordea, ugaldu egin dira eta etorkizuneko perspektiban Euskal Herriak erronka gehiago ditu orain. Hobetzeke asko dago I+G-ari ez dagozkion berrikuntza gastuetan, produktu edo prozesu berritzaileetan, enpresa txiki eta ertainetako berrikuntza-mailan, marketing edo kudeaketa molde berritzaileetan, diseinu aplikazioetan, sektore publikotik I+G-ra bideratutako inbertsio-mailan edo patente eskaera kopuruan. Ezinbestean, egoera horri buelta emateak eragile guztien inplikazioa eskatzen du.